Sexu jazarpenak bi urteko espetxealdiarekin eta 30.000 euroko isunarekin zigortuko dituzte Frantziako Errepublikan, eta jazarpen hori pertsona bereziki zaurgarriei egiten bazaie, hiru urte eta 45.000 eurokoa izango da zigorra. Hori erabaki du, aho batez, Frantziako Asanblada Nazionalak. Sexu jazarpenaren lege proiektua onartu dute parlamentariek, eta delitua zehaztu egin dute testuan: sexu jazarpena izango da "edozein presio larri, errepikatua edo ez, helburu erreala edo itxurazkoa izaera sexualeko egintza bat lortzea duena".
Urgentziazko prozedura bidez izapidetu du lege proiektua Asanblada Nazionalak. Izan ere, sexu jazarpenak zigortzen zituen legea baliorik gabe utzi zuen maiatzaren 4an Frantziako Kontseilu Konstituzionalak. Sexu jazarpenagatik zigortutako gizon batek jarritako helegitea aintzat hartu zuen kontseiluak, eta, legeak delitua behar bezala ez zuela zehazten argudiatuta, indargabetu egin zuen legea. Horregatik senatuak idatzitako lege proposamena zehaztu egin du orain Asanblada Nazionalak. Gainera, aurreko arauan zehaztutako zigorrak gogortu egin dituzte arau berrian.
Asanbladaren eta Senatuaren arteko batzorde batera igorriko dute orain testua, eta datorren asteartean bozkatu beharko dute bi ganberek.