Sexu jazarpena zigortzea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak

Bi urteko kartzela zigorra eta 30.000 euroko kalte-ordaina ezarriko dizkiote delitua egiten duenari

Sexu jazarpenaren aurkako legea indargabetzea salatzeko protesta. B. EDME.
Erredakzioa
2012ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Bi urteko espetxealdia eta 30.000 euroko isuna. Sexu jazarpenak egiten dituzten pertsonei zigor hori ezartzea onartu du Frantziako Asanblea Nazionalak. Jazarpen hori pertsona «bereziki ahulei» egiten bazaie, zigorra hiru urtekoa izango da, eta kalte-ordaina, 45.000 eurokoa. Aho batez onartu du proposamena Asanblea Nazionalak. Orain, Asanblearen eta Senatuaren arteko batzorde batera igorriko dute testua, eta datorren astean bozkatu beharko dute bi ganberek.

Presidentetzarako hauteskundeak baino bi egun lehenago, sexu jazarpena zigortzen zuen legea indargabetu zuen Frantziako Konstituzio Kontseiluak. Sexu jazarpenagatik zigortutako gizon batek jarritako helegitea aintzat hartu zuen kontseiluak, eta, argudiatuta legeak ez zuela delitua behar bezalazehazten, indargabetu egin zuen legea.

Talde feministek, alderdi politikoek eta gizarte eragileek gogor gaitzetsi zuten erabakia. Indarrean zegoen legea «murritza eta nahasia» zela salatu zuten gehienek: «Indarrean zegoen legea laburra, eskasa eta zehaztasunik gabekoa zen, eta hogei urte iraun du horrela. Ez dute pentsatu aldatzea Valerie Giscard d'Estaing presidente ohiaren ministro bat jazarpenagatik zigortu duten arte», adierazi zuen Anuntxi Aranak, Bortizkeria Sexistaren Aurkako Kolektiboko kideak.

Baina, hala ere, sexu jazarpena zigorrik gabe uzteko erabakia larria zela adierazi zuten; are gehiago hauteskundeak baino bi egun lehenago egitea hori. Michelle Berthier Planning Familial taldeko kideak nabarmendu zuen erabakiak biktimenganako «mespretxua» erakusten zuela.

Izan ere, legea indargabetuta, ordura arte arte ezarritako zigor guztiak bertan behera gelditzeko arriskua zegoen. Gainera, legerik ezean, sexu jazarpena ezin zen epaitu. Hori kontuan hartuta, beste lege bat egin bitartean ordu artekoa luzatzeko eskatu zuten. «Eskubideen zangopilatzea da. Jazarpena salatu duten emakumeak murruaren kontra daude. Larrialdi egoera bat da, eta legegileek arduraz jokatu behar dute, arazo horri berehala ihardukiz», ohartarazi zuen Laurence Hardoinek, EHBaiko hautagai eta abokatuak.

Francois HollandeFrantziako presidenteak hauteskunde kanpainan agindu zuen beste lege bat eztabaidatuko zela. Hilaren 11n ekin zioten eztabaiariSenatuan.

Hasieran, espero zen eztabaidan eten bat izango zela irailera arte; baina, azkenean, larrialdizko prozedura bidez onartu du lege proiektua Asanblea Nazionalak. Aurreko arauan zehaztutako zigorrak gogortu dituzte. Legearen arabera, sexu jazarpena izango da: «Izaera sexualeko egintza bat lortzea helburu duen edozein presio larri edo errepikatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.