Hurrengo astelehenean ostera ere bilera dute Sidenorreko buruek eta langileen ordezkariek, lan itunean ados jartzeko. Lanaldia 1.600 ordutik 1.640 ordura igotzeko proposamena bertan behera utzi du enpresak -sindikatuen protesten haritik-. Akordioa lortzeko oztopo nagusietako bat desagertu da, beraz. ELAk, ordea, salatu du Sidenorren azken eskaintzaren bidetik ere zenbait alorretan «atzerapausoak» emango direla beharginen baldintzetan.
Aldi Baterako ezintasunen kudeaketa osasun arloan publikotik at geratzea da «atzerapauso» horietako bat. Bost urterako ituna luzeegia dela, eta bi urtekoa egitea hobe dela adierazi du sindikatuak, gainera. Eta eskasegi iritzi dio KPI gehi %0,75eko soldata igoerari. Sidenorren mobilizazioak areagotzeko deia egin du.
Izan ere, ELAk uste du mobilizazioak direla enpresa eskaintza hobea egitera behartzeko tresna garrantzitsuenetakoa. Sindikatuen presioaren ondorioz, lanaldia luzatzeko proposamena bertan behera utzi du enpresak, adibidez. Alde biak urtarrilean hasi ziren lan ituna negoziatzen, eta Sidenorrek 35 orduko lanaldia luzatzeko asmoa agertu zuen hasiera-hasieratik. ELAk ez beste sindikatu guztiek ezinbestekoa iritzi zioten lanaldiaren luzapena salatzeko grebara deitzea. ELAk nabarmendu zuen grebak lanaldiaz haratagoko aldarrikapenak egiteko ere balio behar zuela.
GABILONDO E HIJOS . Enpresak, azkenean, lanaldia luzatzeko proposamena baztertu zuen lehenengo greba egunaren ostean. Eta, beraz, protesta bertan behera utzi zuten sindikatu guztiek, ELAk izan ezik. Basaurin langileen batzarrera deitu, eta lantegi horretan hiru eguneko lanuztea egin zuten beharginek.
Protestak protesta, ituna laster ixtea espero du enpresak. Bestela ere, Sidenorrek jakinarazi du Eibarko (Gipuzkoa) Gabilondo e Hijos enpresa erosi berri duela. Aurreko astean Bartzelonan lantegia duen Rectificadora del Valles enpresaz jabetu zen. Erositako enpresa bi horiek altzairua eraldatzen dute.
Sidenorreko buruak eta langileak ituna negoziatzen ari dira oraindik
Enpresak bertan behera utzi du 1.600 orduko lanaldia luzatzeko proposamena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu