Emakumeak baztertzen dituen elkarte gastronomiko batek ez luke Tolosako Udalaren diru laguntzarik jasoko; gaztelaniaz maskulino soilean idatzitako kontratazio agiri bat ere ez luke argitaratuko. Horrelako egoerak arautzeko, berdintasun ordenantza lantzen eta onartzen EAEko lehen udalerria izan da Tolosa (Gipuzkoa), eta haren eredua hartu dute Eudelek, Emakundek eta Eusko Jaurlaritzak, halako ordenantzak egiteko gida osatzean. «Araudia ez da ezinbestekoa, baina bai funtsezkoa», adierazi zuen Maria Silvestre Emakundeko zuzendariak, atzo Bilbon berdintasuneko udal teknikarien aurrean eginiko aurkezpenean.
Udalentzako lanabesa da ordenantza, berdintasunaren alorrean legezko tokiko esparru bat ezartzeko eta erakundeotako berdintasun politikak zuzentzeko. Tresna «berria» eta «indartsua» da, Josebe Iturrioz Tolosako berdintasun teknikariaren esanetan. Areago, ordenantza Emakume eta Gizonen EAEko Berdintasunerako Legea baino «aurreratuagoa» dela uste du: «Itzulpen lana egiten du, legezko marko orokor eta abstraktu batetik gure herrietako eskumenetara, udalek lantzen dituzten gaietara».
Hain zuzen, udalen eremu guztietan txerta daiteke genero ikuspegia, ordenantzaren bidez, eta horrek «begirada aldaketa» dakar. Adibidez, Tolosako Udaleko Kirol Sailean sortutako kezkaz mintzatu da teknikaria: «Aztertzen hasi ziren sailak antolatutako ekintza eta lehiaketetan emakumeek eta gizonek berdin parte hartzen al zuten. Normalean, erantzuna ezezkoa zen». Ondorioz, kirolean ziharduten andrazkoak identifikatu zituzten, eta sustapen lan berezia egin dute, esaterako, arraunean eta saskibaloian.
Horretaz gain, ordenantzak Tolosara ekarri du jabekuntza prozesuak sortzea, diru laguntzak genero irizpideen arabera berrikustea, kontratazioetan berdintasun klausulak txertatzea, udal erakundeen memorietako datuak sexuaren arabera banatzea, babes ofizialeko etxebizitzetan andreentzako kuotak ezartzea... «Ordenantzak dena ahalbidetu du. Gure oinarrizko esparrua izan da, gure dokumentu ama».
Partaidetzarako tresna
Iturriozen jarduera kutunetakoa izan da andreen parte hartzea sustatzea: «Ez zegoen elkarterik, eta mugimendu feministatik etorritakoontzat garrantzitsuena zen emakumeak saretzea. Hori lortu egin dugu». Jabekuntza eskolaren bidez udalekoek egindako deialdietatik sortu da emakumezko artistaz osatutako talde bat eta kulturartekotasuna lantzen duen beste bat. Orain, emakumeen mahaia eratzeko asmoa du: «Andreak jabetuz, feminismoan jantziz, masa eraginkor bat lortu nahi dugu, erabakiak hartu nahi dituen talde bat. Emakumeak espazio publikoetatik erabat kanpo baikaude».
Baina bateragarriak al dira berdintasun planak eta ordenantzak? Teoriak dio baietz. Iturriozen ustez, pauso bat gehiago eman dute ordenantzaren bidez: «Legegintzaldi bakoitzean plan bat egin behar izateak eten bat dakar, lanketa prozesuan denbora asko galtzen delako, adibidez, beste erakundeen planetara egokitzen».
Gainera, berdintasun teknikarien lana errazten du ordenantzak. Arau izatearen ondorioz, negoziatzeari utzi eta ezarri egingo dute. «Normalean berdintasun teknikariok departamentu guztiekin negoziatzen ibili behar dugu, konbentzitzen. Ordenantzak marko ukaezina dakar: egin behar da, araututa dagoelako». Berdintasuna lantzean, ezinbestekotzat jotzen dute zeharkakotasuna; bada, idatziak hainbat alorretan jarduteko «ateak ireki» dizkie. «Aldaketa kuantitatiboa eta kualitatiboa izan da. Funtzionarioek eta politikariek ere beste maila batean ulertzen dute berdintasuna, lehentasunezko kontua da haientzat».
Zilegitasuna emateko
Maria Silvestrek ere arauen balioari eta eraginari buruzko hausnarketa egin du. Emakundeko zuzendariaren hitzetan, ordenantza funtsezkoa da, «zilegitasuna» ematen diolako berdintasunaren aldeko lanari: «Nahitaezkotasun maila bat ezartzea ona da». Gogora ekarri du Berdintasun Legea martxan jarri zenetik azpiegiturak eratu direla eta ezagutza sortzea ere bultzatu dela.
Arautzea are beharrezkoagoa da, Silvestreren ustez, berdintasun faltsuaren gizartean: «Batzuetan argudio gehiegi eman behar izaten dugu; auzitan jartzen gaituzte, zalantzan jartzen dutelako berdintasun politiken beharra». Ildo horretan, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Bulegoko zuzendari Mariola Serranok berretsi du berdintasun formala ez datorrela bat «gizartearen jokabide» batzuekin: «Zer bizi-kalitate dugu urtero 3.000 andrek euren aurkako indarkeria salatu behar duten herri batean?».
Silvestre: «Ordenantza ez da ezinbestekoa, baina bai funtsezkoa»
Udaletan berdintasun ordenantzak lantzeko eta ezartzeko gida aurkeztu dute Eudelek, Emakundek eta Eusko JaurlaritzakAraban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tolosan soilik daukate era horretako ordenantza bat
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu