Joan den martxoan egin zituen lehen urratsak Hernanin galdeketa egiteko lan taldeak, eta geroztik bidea egiten joan dira. Dagoeneko badute data ere, datorren urteko udaberria —garai berean egingo dituzte galdeketak Errenterian eta OIartzunen ere—. Horretarako sinadura bilketa abiatuko dute lehenik, eta lan hori egiteko sortu dute BagaGiltza herri plataforma.
Aurretik, ekainaren 5ean, euskal estatuari buruzko galdeketak egingo dituzte Goierrin, Debagoienean, Azpeitian eta Ispasterren. Ia 125.000 biztanle daude bozkatzera deituta. Bitartean, ordea, giroa berotzeko hianbat ekitaldia egingo dituzte Euskal Herri osoan. Gaur, lipdub bana grabatuko dute Azpeitian eta Bergaran (Gipuzkoa), eta goierritarrek argazki bat ateratzeko zita jarri dute Larraitzen. Hondarribian, berriz, mahai ingurua antolatu dute Antxeta irratiak eta Hondarribiko Udalak, Kataluniako ANCko presidente Jordi Sanchezekin eta Sumate plataformako Paco Martinezekin. Debagoienean, bizikleta martxa egingo dute Urkulu mendira, gutun-azal «erraldoi bat» irudikatzeko.
Datorren astean zehar ere izango da zer egin. Ekainaren 3an, esaterako, herri antzerkia antolatu dute Gure Esku Dagorekin batera. Ave Maria parkean izango da, goizeko 9:45ean.