Politika

Sindikatuek babesa agertu diote Patxi Zamorari

Iberia konpainiari exijitu diote Patxi Zamora kaleratzeko erabakian atzera egiteko eta bere lanpostuan berriro hartzeko

Gaurko agerraldian izan diren sindikatuetako ordezkariak. IVAN GIMENEZ
joxerra senar
2018ko otsailaren 9a
16:17
Entzun

Erabakia  "arbitrarioa eta justifikatu gabekoa" da, eta "babesik gabe" utzi du Patxi Zamora. Gaur goizean hainbat sindikatuk elkartasuna adierazi diote Kontuz elkarteko eledunari eta manifestu bat sinatu dute.

Iragan hilabetean Zamoraren aurkako "jazarpen ideologikoa" salatu zuen Kontuz-ek. 31 urtez hegazkinetako zerbitzari gisa lan egin du, eta azaroan Guardia Zibilak hegazkinetan sartzeko baimena kendu ondotik, Iberia konpainiak kaleratu egin zuen. Zamorak "mendekua" dela salatu du.

Azken asteetan hainbat elkartasun mezu jaso ditu. Gaur ELA, LAB, CCOO, Steilas, Hiru, CGT, Solidari eta Sitcpla sindikatuek manifestu bat aurkeztu dute. Bertan gaitzetsi dute hiru eskubide urratu direla kasu honetan. Batetik, lanerako eskubidea, "justifikatu gabeko erabaki arbitrario baten bidez lanpostuan jarduteko eskubidea ukatu zaiolako". Bigarrenik, adierazpen askatasuna urratu dela kritikatu dute, bere iritziengatik inor ez zigortzeko eskubidea duelako herritar orok. Azkenik, informaziorako oinarrizko eskubidea ere urratu dela deritzote.

Sindikatuek bat egiten dute hurrengo egunetan Kontuz-ek Zamoraren eskubideen alde egingo dituzten mobilizazioekin.

Berritasunak auzian

Sindikatuetako ordezkariekin batera, Patxi Zamora izan da eta hurrengo egunetan ekimen judizialen berri emango dutela azaldu du. Aurreratu du Estatuko Abokatuak idatzi "oso luze" bat igorri diola bere kasuaz. Bertan egiaztatzen da Zamorak 31 urteko jardunbidean ez duela inoiz zigor aurrekaririk izan. Txostenean, aireportuetako segurtasunaren arduradun nagusi den erakunde publikoak, Espainiako Barne Ministerioaren menpeko CEPIC erakundeak, egiaztatzen du zigor aurrekaririk ez duela.

Herenegun, Senatuan ezohiko gertaera eman zen. EH Bilduk, Ezkerrak eta Ahal Dugu-k kasuari buruz aurkeztutako galdera idatziak atzera bota zituen PPren kontrolpeko Senatuak. "Langile baten kasua" dela eta Senatuko araudiaren 162.2 artikulua urratzen zela argudiatu zuten. Jon Iñarritu EH Bilduko senatariak bere harridura agertu zuen, "lehen aldia" baita galdera bat atzera botatzen diotela.

Gaur goizean Zamorak aurreratu du alderdiok ez direla horrekin konformatuko eta hala Kongresuan zein Senatuan galdera berriz egiteko asmoa dute. Bestetik, Iberiako langileen batzordeak bere kasua aztertuko du datorren otsailaren 20an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.