Azken hilabeteotako mobilizazio egutegiari jarraipena emanez, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko 200 itunpeko eskolak baino gehiagok egun osoko geldialdiak egingo dituzte abenduaren 3an eta 4an. "Murrizketarik gabeko" lan hitzarmen propioaren aldeko aldarrira 12.000 behargin deitu dituzte ELA, CCOO, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek. Lanuzteen helburuak dira 2010eko maiatzean hasitako lan gatazkak indarrean jarraitzen duela salatzea eta konponbide bat lortzeko urratsak egitea.
Gaur goizean Bilbon eginiko prentsaurrekoan, Kristau Eskola eta IZEA patronalei akordio duina lortzeko aurrerapausoak galdegin dizkiete, eta orain arteko estrategia baztertzeko eskatu diete. Alde horretatik, ados jartzeko negoziazioei berriz ekitea ezinbestekotzat jo dute. Halaber, langileei eragingo ez dien irtenbide bat topatzea exijitu diote Eusko Jaurlaritzari, hezkuntzaren "egonkortasuna" bermatzeko nahitaezkoa delakoan.
Joan den hilabetean eta irailean ere lan etenaldiak egin zituzten Kristau Eskoletako langileek, ikastetxeen iraunkortasuna bermatuko lukeen itunaren alde. Protesten jarraipena, ordea, eskasa izan zen, Kristau Eskoletako ordezkarien arabera; langileen %21ek babestu zuten urriko greba deialdia.
Sindikatuen esanetan, azkenaldian egindako geldialdiek ez dute inolako erantzunik jaso, ez patronaletik ezta Eusko Jaurlaritzatik ere. Hori horrela, salatu dute orain arte ez dutela urratsik egin, eta aplikatzeko bermea duen hitzarmen berria negoziatzera esertzeko eskatu diote patronalari. Ohartarazi dute xantaiarik ez dutela onartuko.