Grebara jotzeko aitzakiarik ez dutela behar erantzun dute Nafarroako irakasleen ordezkaritza duten sindikatu guztiek, gobernuak hartutako neurriek ematen dietela aski arrazoi horretarako. Elkar hartuta egin dute agiri bat, Jose Iribas kontseilariak herenegun parlamentuan egindako adierazpenei erantzuteko. Hara zer esan zuen: «Sindikatuak aitzakia bila ari dira etengabe, justifikaezina justifikatzeko». Urriaren 27rako greba deia bidezkoa dela berretsi dute sindikatuek, eta gogoratu dute eskariak aspaldian jarri zizkiotela mahai gainean kontseilariari: murrizketak ez areagotzea eta datorren urtean zuzentzea.
Azken asteetan kaskartzen ari da kontseilariaren eta sindikatuen arteko harremana, areago grebarako deia egin dutenetik. Iribasek LAB sindikatua —nagusi da hezkuntzan— hartu zuen begitan aurrena, eta hari egotzi zion grebaren erantzule izatea; herenegun, parlamentuan, berriro egin zuen sindikatuen aurka. Zer esan ez daukalako egin du hori kontseilariak, langileen ordezkarien irudiko. «Argudioak ahitu zaizkio, eta sindikatuen aurka hasi da: langileek bozetan adierazitakoa gutxietsi egin du. Baina gogoratu behar diogu greba ez dela gure xedea, irakasleek ez dutela gogoagatik egiten; baliabideak oker kudeatu dituztelako dela».
Presidentearen oharra
Lehentasun kontua dela uste dute sindikatuek. Gobernuak zertan jarri nahi duen dirua. Iribasek herenegun esan zuen ez dutela dirurik: «Hobe da lehenbailehen onartzea ez dagoela dirurik; frustrazioak saihestuko dira horrela». Gauza batzuetarako badagoela erantzun diote langileek; AHTko lanak jarri dituzte adibide. «Dirua porlanean gastatzea erabaki dute, ez heziketan». Hala, eskatu dute ordezkapenak egoki egiteko eta datorren urterako iragarritako murrizketak geratzeko.
Yolanda Barcinak, gobernuko presidenteak, kontrakoa iragarri du: «Ahalegin handiagoa egin beharko da agian». Ahalegina, irakasleek. Ordu gehiago lan egin beharko dutela ez du baztertu.
Sindikatuek diote kudeaketa okerra tarteko jo dutela grebara, ez dutela aitzakia beharrik
Hezkuntzan murrizketa gehiago izan daitezkeela ohartarazi du Barcinak: «Ahalegin handiagoa egin beharko da agian»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu