Greba eguna dute gaurkoa Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko osasun zentroetan. ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek egun osoko geldialdia deitu dute osasungintza publikoko zentroetan, Eusko Jaurlaritzak lan baldintzak dekretuz ezarri izana salatu eta horien gaineko negoziazioa eskatzeko, eta, sindikatuen arabera, "erabateko arrakasta" izaten ari da deialdia. "Zentroak itxita egon dira", esan dute.
Bestelako datuak eman ditu Jaurlaritzako Osasun Sailak. Osakidetzak: hau da, grebaren batez besteko jarraipena %28,5ekoa izan dela -Araban %26,4koa, Bizkaian %29,4koa, Gipuzkoan %28koa-.
Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak jarri ditu gaurkoa, eta horiek "gehiegizkoak" direla salatu dute sindikatuek. Larrialdi zerbitzuetako langile guztiek lan egin beharko dute gaur. Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ospitaleetan, jaiegunetako langile kopuru berak jardun beharko du gutxieneko zerbitzuetan. Anbulatorioetan, aldiz, larunbatetan aritzen diren langile kopuru berak egin beharko du lan.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saileko iturriak aipatuz berri agentziek zehaztu zutenez, ospitaletan jaiegunetako zerbitzu berak mantendu dituzte: sukaldaritza nahiz gaixoen arretarako zerbitzuak izango dira, senda-agiriak banatzeko aukera barne. Halaber, dialisi zerbitzua emango da, eta aurrez ezarritako eta atzeratzerik ez dauden onkologia tratamenduak mantendu dira. Osasun langileen ehuneko ehuna ari da larrialdietako zerbitzuetan.
Lehen arretarako zentro guztiek eguneroko ordutegiak mantendu dituzte, baina larunbatetan izaten diren langile kopurua baino ez da lanean ari, eta larrialdiak baino ez dituzte artatuko.
Gatazka luzea
Martxoaren 6ko greba egunaz gain, zenbait orduko geldialdiak iragarrita dituzte Osakidetzako sindikatuek otsailerako. Lanuzteak deitu dituzte osasun zentro publikoetan otsailaren 12, 14, 19, 21, 26 eta 28rako.
Urtebete baino gehiago negoziatu gabe egon ostean, iazko ekainean hasi ziren Osakidetzako sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza hitz egiten. Hainbat bilera egin zituen negoziazio mahaiak, eta Jaurlaritzak akordioa itxi zuen EAEko Medikuen Sindikatuarekin (SME). Gainerako sindikatuek ez zuten akordio hura izenpetu, eta ondorengo bilerek ere ez zuten fruiturik eman. Iazko abenduaren 26an dekretu bidez ezarri zituen Jaurlaritzak 2009. urtera arteko Osakidetzako langileen baldintzak, SMErekin lortutako akordioa oinarri hartuta. ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek erabakia salatu eta «edukidun negoziazioari» berriro ekiteko eskatu zioten Jaurlaritzari.
Jaurlaritzaren ustez, ordea, «arduragabea» da sindikatuen jarrera. Dena den, dekretua onartu izanak ez duela negoziazioen bidea ixten zehaztu zuen orain bi aste Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak. Harrezkero, negoziazioei berriro heltzeko eskatzeko mobilizazioak egin dituzte sindikatuek.
Testuinguru horretan kokatzen dira gaurko eta martxoaren 6rako deitutako greba egunak, eta baita otsaileko lanuzteak ere. 2005. urtetik hona Osakidetzan mobilizazio ugari bai, baina egun osoko grebarik ez da izan. Orduko hartan, eskualdekako grebak eta greba orokor bat egin zituzten ELA, SME eta SATSE sindikatuek.
ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek aldarrikapen taula bateratua dute Osakidetzako lan gatazkari dagokionez. Horien artean dago osasungintzako langileen soldaten arteko desberdintasunak murrizteko eskaera. Era berean, garapen profesionala jasotzeko aukera langile guztiek izatea eskatzen dute sindikatuek, langile finkoa edo behin-behinekoa izan. Lanpostu bakoitzaren funtzioak zein izan behar diren aztertzeko, definitzeko eta hitzartzeko aldarrikapena ere taula bateratuan jasoa dute.
Lan taldea handitzea da eskarietako beste bat. Lan erritmo eta kargak kontrolatzeko eskatzen dute, eta beharren arabera handitzeko taldea. Halaber, langileen batez besteko adina aintzat hartuta, taldea gaztetzeko neurriak hartzea proposatzen dute, besteak beste, 55 urtetik gorakoei lan orduak murriztuz edo ordezkatze eta txandakatze kontratuak bultzatuz
Bestalde, zerbitzuak ez pribatizatzea eta orain arte pribatizatutakoak lehengoratzea nahi dute sindikatuek. Osakidetzako lan taldea euskalduntzeko neurriak, aurrekontuak eta epeak ezartzeko eskatzen diote, halaber, Jaurlaritzari.
Argazkian, osasun arloko langileak gaur, Gasteizen, Txagorritxu ospitalaren aurrean. (Argazki Press)
Osakidetza
Sindikatuek diote Osakidetzako greba "erabateko arrakasta" izaten ari dela
Eusko Jaurlaritzaren arabera, berriz, lanuztearen batez besteko jarraipena %28,5ekoa da. Jaurlaritzak lan baldintzak dekretuz ezarri izana salatu eta negoziazioa eskatzeko deitu dute mobilizazioa ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAEk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu