Sindikatuek azaldu dutenez, 08:00etatik 11:00etara deitua zuten lanuzterako deialdia jarraipen handia izan du Osakidetzako lehen arreto zentro eta ospitaleetan. Hala, leku askotan zerbitzu minimoak bakarrik eman direla nabarmendu du Txaro Martinez LABeko ordezkariak; hala nola, Barakaldoko (Bizkaia) Gurutzetako erietxean, Galdakaokoan, eta Gasteizko Txagorritxukoan. Donostia Ospitalean jaiegunetakoak bezalako txandak egiten ari direla adierazi du Arantza Agote UGTkoak.
Hala ere, bi sindikatu horiek salatu dute Osakidetzak langileen txanda aldaketak eta gaixoei egin beharreko ebakuntza eta tratamenduen ordu aldaketak erabili dituela lanuztearen erantzuna murrizteko.
Osakidetzaren zuzendaritzak, berriz, jarraipena %30,24koa izan dela adierazi dute: Araban %25ekoa, Gipuzkoan %31,35ekoa eta Bizkaian %31,46koa. Haren arabera, 15.775 langileetatik 4.770ek egin dute lanuztea. "Sindikatuak saiatu dira lanuzteak indarra izan zezan, baina jarraipena eskasa izan da", esan du Jose Andres Blasco Osakidetzaren Giza Baliabideetako zuzendariak.
ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek antolatu dute lanuztea, Osakidetzak eta EMS Euskadiko Medikuen Sindikatuak ekainean hitzartu zuten lan itunaren eta zuzendaritzak negoziazioetan izan zuen jarreraren aurka.
EMSk Osakidetzako langileen %10 ordezkatzen ditu. Hitzarmenaren arabera, itxarote zerrendetan dauden eriak beren lanorduetatik kanpo artatzen dituzten medikuek 5 eta 7 euro artean jasoko dituzte eri bakoitzeko. Era berean, osasun sistema publikoan bakarrik jarduteagatik Osakidetzak ematen duen osagarria Osakidetzako langile talde barruan dauden mediku guztiek jasoko dute, nahiz eta lanorduetatik kanpo beren kontsulta pribatuetan jardun.
Gizartea
Sindikatuen arabera, jarraipen handia izan du Osakidetzako langileen grebak
Osakidetzak dio %30ekoa izan dela. Sindikatuek 08:00etatik 11:00etara deitu zuten lanuztera, eta erietxe eta osasun zentro askotan zerbitzu minimoak bakarrik eman direla nabarmendu dute. ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, ESK eta UTESE sindikatuek egin dute deialdia, Osakidetzako zuzendaritzak EMS mediku sindikatuarekin soilik hitzartu duen lan itunaren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu