Politika

Sinn Feinek berriro elkarrizketa politikoa hasteko eskatu dio Espainiako Gobernuari

Alex Maskey parlamentarioa atzo EAEko Auzitegi Nagusiko saioan izan zen, eta epaiketa kritikatu du, "akats handia delako elkarrizketa kriminalizatzea". "Gatazkan inplikaturiko beste eragileei" ere hitza erabiltzeko dei egin die.

2009ko urtarrilaren 9a
18:20
Entzun
Alex Maskey Sinn Fein Irlandako parlamentarioa atzo Bilbon izan zen, EAEko Auzitegi Nagusiko epaiketan, "behatzaile independente gisa", eta gaur Arnaldo Otegi ezker abertzaleko kidearekin batera emandako prentsaurrekoan, "Espainiako Gobernuari eta gatazkan inplikaturiko beste eragileei berriro elkarrizketa politikoa" hasteko eskatu die. "Akats handia da elkarrizketa kriminalizatzea", esan du, epaiketa kritikatuz.

Euskal Herriko "gatazkaren konponbide demokratikoaren eta autodeterminazio eskubidearen alde" azaldu da Maskey.

Aipatutako epaiketan akusatuen aulki berean daude Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Patxi Lopez PSE-EEko idazkari nagusia, Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkaria, eta Arnaldo Otegi, Pernando Barrena, Rufi Etxeberria, Juan Joxe Petrikorena eta Olatz Dañobeitia ezker abertzaleko kideak, 2006an ETAren su-eten garaian elkarrizketa politikoak egiteagatik.

Otegik berak gaur adierazi du epaiketa hori ez dela juridikoa, baizik eta azkeneko bake prozesuaren eta ezker abertzalearen aurkakoa. "Auzi honek erakusten du Espainiako Estatuaren izaera ez dela demokratikoa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.