Hasieratik biek ez dute PSN baztertu nahi izan, eta aldaketaren aldeko 33 eserleku zenbatzen dituzte parlamentuan. Uxue Barkos Geroa Bairen Nafarroako Gobernuko lehendakarigaiak "errespetu osoa" die PSNk lortutako 45.000 botoei, aldaketaren aldeko botoa adierazten dutelako. "Orain ikusiko dugu zer nolako gestioa egiten duen PSNren zuzendaritzak".
11:00etan hasi dute bilera, eta ordubeteren ondoren atera dira bileratik. Ezkerraren aldetik, Jose Miguel Nuin, Marisa de Simon eta Txema Mauleon egon dira; Geroa Bairen izenean, berriz, Uxue Barkos, Manu Aierdi, Koldo Martinez, Itziar Gomez eta Patxi Leuza.
Bileraren ostean, Ezkerrak nabarmendu du lehenik eta behin akordio programatikoa hitzartu beharra dagoela. Ezkerraren arabera, agenda sozialak du lehentasuna: "Gobernuko eta erakundeetako baliabide guztiak erabili behar dira gizartearen beharrei erantzuteko". Bestetik, aniztasunarekiko errespetua nabarmendu du, "mendekurik eta sektarismorik gabe".
Nuinen irudiko, lehenik akordio programatikoa lortu beharra dago. “Lehentasuna politikak du, ez kontseilari bat izateak. Behin akordio hori lotuta, programaren inguruan kohesioa izan behar du gobernuak. Ezin dira bi, hiru edo lau gobernu izan. Bakarra izan behar du politika berean elkartuta”.
Barkosen balorazioa
Pozik atera da bileratik Uxue Barkos. Komunikabideen aurrean nabarmendu du adostasun handia izan dutela bi alderdiek. Bere esanetan, negoziazio prozesu honetan Geroa Bairen programaren gain proposamen eta lehentasunak mahaigaineratzea dagokie elkarrizketetan parte hartuko duten indarrei.
Lehen bilera erronda honetan alderdi guztiek parte hartuko dute. Etzi, PP eta PSNrekin batzartuko da Geroa Bai; astelehenean Podemos Ahal Dugurekin; asteartean EH Bildurekin, eta azkenik, asteazkenean UPNrekin, nahiz eta azken hori ez dagoen konfirmatua oraindik.
Udalen esparruetatik at utzi du gobernua osatzeko negoziazioa. Bere esanetan, “kromo aldaketarik ez da egongo” eta politika egiteko “modu zaharrekin” parekatu du alderatze hori. Iruñean ere “aukera ederra” dagoela deritzo: “Iruindarroi begira eta ez alderdiek Parlamentuan ditugun interesei begira”.
Barcinari erantzuna
Yolanda Barcinak gaur goizean 1933ko nazien garaipenarekin parekatu du maiatzaren 24ko hauteskunde eguna. “Beldurraren mezuak ez zuen eraginik izan eta ziur naiz ez duela eraginik izango datozen negoziaketetan eta datozen lau urteetan”. Bere ustez, “penagarria da egungo presidentearen ahotik halako hitzak entzutea, eta mingarria da ere. Beraien beldurra agertzen da halako adierazpenekin”.
Nuinek, bere aldetik, “astakeriatzat” jo du Barcinaren ateraldi hori. “Nafarroako gizartearen erabaki demokratiko batek oposiziora bidaliko ditu”. Nuinen arabera, bost alderdi ari ziren aldaketa aldarrikatzen eta 33 parlamentari lortu dituzte. “Deiadar demokratiko bat da eta ez du zerikusirik eskenatoki kaotiko eta apokaliptikoekin”.
udal eta foru hauteskundeak Nafarroan
"Sintonia ona" Geroa Bairen eta Ezkerraren arteko bileran
Jose Miguel Nuinek eta Uxue Barkosek ez dituzte PSNren botoak baztertu negoziazioen hasieratik; "zuzendaritzak hartu beharko du erabakia".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu