Siriako subiranotasuna "urratzea" egotzi dio Damaskok Turkiari. Atzerri Ministerioak zabaldu duenez, Turkiak "ehun soldadu inguru" bidali ditu Siriara. Horrez gain, Turkiako armadak kurduen kontrolpeko Alepoko lurrak bonbardatzen jarraitzen duela ere salatu du Siriak. Hala, eraso horien bitartez "talde terroristak" babestea egotzi dio Ankarako gobernuari.
Turkiako lehen ministro Ahmet Davutogluk ohartarazi du YPG Herriaren Babeserako Unitateek Alepotik erretiratu ezean "erasoaldi zabala" hasiko duela. Ankararen jarrera, ordea, nazioarteko legediaren urraketatzat jo du Siriak, eta "neurriak" hartzeko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeari.
Sirian, astebeteko epean, su-etena indarrean sartzea adostu zuten joan den astean nazioarteko agintariek. Menia horrek, baina, ez die eragingo ez EI Estatu Islamikoari, ez Al-Nusra Fronteari, ez «NBEk terrorista izendatutako» beste taldeen aurkako borrokari. Ez eta nazioarteko potentzien aire erasoei ere.
Hain zuzen ere su-etena betetzeko eskatu die aldeei Europako Batasunak. "Duela egun batzuk, guztiok Turkiak barne, egoera baretzeko urratsak egitea erabaki genuen; eta noski ez genuen kontrako joera erakusten duen testuinguru baten aurrean egotea espero", salatu du Federica Mogherinik, Europako Atzerri gaietarako goi arduradunak.
Muga, kontrolpean
Siria eta Turkia arteko muga YPG milizia kurduen kontrolpean dago. Horretaz gain, azken egunetan Alepoko hainbat gune ere eskuratu dituzte, Errusiako hegazkinen laguntzarekin.
Artean, Alepo bonbardatzen jarraitzen dute airekoek. Turkiako informazio agentziek zabaldu dutenez, gutxienez 14 zibil hil dituzte Azazen, bonbardaketa batean. Ankarak Errusiari egotzi dio hilketen erantzukizuna.