Behin eta berriro hasieratik abiatzera zigortuta. Harri erraldoi bat aldapan gora bultzatzen bizi zen Sisifo, baina mendiaren tontorrera hurbiltzen zen aldiro, harria beheraino erortzen zitzaion berriz. Euskararen normalizazioan diharduten eragileek kondena bera ez ote duten planteatu zuen ostiralean Miren Azkarate euskaltzain eta Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu ohiak: ezagutzan emandako pausoak erabileran gauzatu ezinik dabil euskal komunitatea, eta aurrera ibili ezinezko joera horretan, atzera egiteko arriskua ikusi du. Ezagutzatik erabilerarako jauziaz eztabaidatu zuten Bilbon, Jose Ariztimuño Aitzol eta Euskal Pizkundearen omenez eginiko jardunaldietan.
Azken urteetan euskarak izandako bilakaera «hazkundearen kronika» da, Patxi Baztarrika euskara teknikari eta Jaurlaritzako Hizkuntz Politikarako sailburuorde ohiak azaldu duenez. Hala, uste du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan martxan jarritako politikek frogatu dutela hizkuntza biziberri daitekeela. «Baina hazkunde datuek ez digute euskararen bizi indarraren berri ematen», azaldu du.
Izan ere, hezkuntzaren esparruari esker, hiztunak irabazi ditu euskarak, baina ez hainbeste etorkizunean hizkuntza erabiliko duten gazteak. «Eskola gabe ezin da, baina eskolarekin ez da nahikoa. Eskola beharrezkoa da, baina mugak ditu prozesuaren arrakasta bermatzeko», berretsi du Baztarrikak.
Hala, hezkuntza euskaraz jaso izanaren ondorioz, eta administrazioen hizkuntza politiken eraginez, euskara erabiltzeko joerak aldatu egin dira gazteen artean: gehiago erabiltzen dute euskara esparru formalean, zerbitzu publikoetan batik bat, baina gutxiago eremu informaletan. «Lehen gaztelania modu esklusiboan zegoen lekuetan tokia irabazi du euskarak, baina esparru informalean kontrara gertatu da: euskarazko gune esklusiboetan gaztelania sartu da».
2006ko inkesta soziolinguistikoak emandako datuak eta ondorioak ekarri ditu gogora Baztarrikak: «Egungo 16 eta 24 urte bitarteko gazteek orain 15 urtekoek baino gutxiago erabiltzen zuten euskara etxean; eskolan euskara ikasi eta etxean guraso erdaldunak zituztenek ezin zuten euskara erabili».
Gune soziolinguistikoetan ere nabarmena izan da aldaketa. Euskaldun kopuru handienak eta txikienak pilatzen zituzten lekuak gutxitzen joan dira, eta, aldiz, gehitzen joan dira tartekoak, biztanleen %30-70 artean euskaldunak diren herriak: «Euskara erabiltzeko aukerak gehitu egin dira batzuentzat, eta gutxitu besteentzat».
Beraz, eskolak gazte elebidunak sortu ditu, baina horietako zenbatek erabiltzen dute euskara harreman afektiboetarako? Zenbat mintzatzen dira euskaraz gaztelaniaz bezain eroso? Galderoi erantzun nahian, erronkak eta arriskuak multzo berean jarri ditu Baztarrikak: «Euskara gero eta pertsona gehiagoren bigarren hizkuntza da, baina gero eta gutxiagoren lehen hizkuntza? Gero eta gehiago erabiltzen da, baina gero eta gauza gutxiago esateko?».
Motibazioan, aldaketak
Gazteekiko kezka hori ikertu izan du Jone Miren Hernandez EHUko irakasleak. Belaunaldien arteko «urruntzea» antzeman du, gazte izatearen esperientziatik bertatik hasita, «lehen haur izatetik heldu bihurtzeko saltoa azkarragoa zelako». Iruditzen zaio, halere, garai bateko motibazioak ez daudela indarrean jada, egun ez dagoela «euskara sustatzeko eta zabaltzeko grinarik».
Cardiffko Unibertsitateko (Gales) irakasle Colin Williamsen ustez, baina, «normala» da hori, neurri batean: «Aurreko belaunaldiaren arrakastaren seinale da». Bat etorri da Baztarrika: «Nola azalduko diogu gazte bati euskara zapalduta dagoela euskaraz ikas badezake?».
«Gazteekin jadanik ez du funtzionatzen esateak hizkuntzaren iraupena haien gain dagoela», erantsi du Williamsek. Eta hari horri tiraka, Hernandezek azaldu du gazteek helduen diskurtsoa «ikasi» dutela eta, hala, oso ondo mugitzen direla haien kontraesaanetan: «Gurasook esan diegu euskaraz hitz egin behar dela, baina guk ez dugu egin. Eta seme-alabek hori ikasi dute». Edonola ere, baikor egoteko arrazoiak ere badaudela uste du. Bere herriaren argazkia erakutsi du: «Orain 40 urte Lasarte-Oriako [Gipuzkoa] zenbat familiak zeukaten kide euskaldun bat? Zenbat daude egun kide euskaldunik gabeak?».
Eta ildo horretan doa, hain justu, Azkarateren zalantza: «Eskolan euskaldundu ditugun umeek eta gazteek, heldu bihurtzean eta haurrak edukitzean, zein hizkuntza erabiliko dute etxean? Euskaraz egingo al diete seme-alabei?». Erantzuna ezezkoa izatekotan, Sisiforen mitoa irudikatu du, Hernandezen hitzei ere erreparatuta: «Familia askotan kide euskaldun bat egonda ere, nolakoa da? Nahikoa al da transmisioa bermatzeko, ala etengabe egongo gara abiapuntura itzultzen, etxean euskara erabili ezin duten haurrak eskolan euskalduntzen?».
Hizkuntza gutxituen eta hegemonikoen arteko lehian kokatu du Williamsen erantzuna: «Bi frantses hiztunen umea frantses hiztuna izango da automatikoki, baina hizkuntza gutxituekin ez da hala: euskararen transmisioa ez da automatikoa, agian aiton-amonak edo auzoak ez direlako euskaldunak, eta euskara berehala hasten delako hizkuntza hegemonikoarekiko lehian».
Horrelako abaguneetan hizkuntza gutxituak bigarren hizkuntza bihurtu ohi direla gaineratu du, eta errealitate hori onartu beharraz mintzatu da: «Ezingo ditugu hizkuntza hegemonikoak ordezkatu, beraz, haien artean bizitzen ikasi behar dugu». Ikuspegi horrekin bat etorri da Baztarrika: «Txikiak izaten ikasi beharko genuke. Normalizaziorik handiena lortuta ere, txiki izaten jarraituko dugu».
Sisiforen harriari bultzaka
Euskararen erabilera ez da ezagutzaren erritmoan hazi, are gutxiago gazteen artean. Erabileran aurrerapauso nabarmenik ez emateak abiapuntura itzularaz dezake euskal komunitatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu