Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren irizpidea bere eginik, Skolae hezkidetza programaren aurkako sententzia berretsi du Espainiako Auzitegi Gorenak. Auzitegiak ez du onartu Nafarroako Gobernuak iazko ekainean aurkeztutako helegitea. Nafarroako auzitegiak bezalaxe, Madrilgoak ere «huts bat» antzeman du programaren tramitazioan.
Iazko ebazpenean, Nafarroako Auzitegi Nagusiko epaileek argudiatu zuten Skolae «araudi baten gisara» tramitatu beharra zegoela, «eta ez ekinbide administratibo baten gisara». Hori berretsi du Gorenak orain, eta auzibidearen kostua ordaindu beharra ezarri dio Nafarroako Gobernuari.
Hala ere, programa «normal» ematen segituko dutela ziurtatu du Nafarroako Gobernuak. Hezkuntza Departamentuko iturriek adierazi dutenez, Auzitegi Gorenak gobernuaren helegitea aintzat hartu ez izanak ez du eraginik izanen programaren ezarpenean, bi faktorerengatik: alde batetik, tramitatu zenean ez zegoen indarrean 2019ko Gizonezkoen eta Emakumezkoen Arteko Berdintasunerako Foru Legea eta, Maria Txibiteren gobernuaren arabera, lege horrek sostengua emanen dio hezkidetza programari. Bestalde, hezkidetzari buruzko foru dekretu bat prestatzen hasia da Nafarroako Gobernua, tramitazioa egin ahal izateko epaileek eskatu bezala. Foru dekretua ikusgai dago Nafarroako Gobernuaren web atarian, eta espero izatekoa da prest egonen dela 2021-2022ko ikasturtearen hasierarako.
Erreakzioak
Nafarroako hainbat ikastetxetako gurasoak biltzen ditu Familiae elkarte eskuindarrak. Auzitegi Gorenaren erabakiarekin «pozik» agertu dira elkarteko ordezkariak, eta uste dute aukera ematen duela hezkuntzaren auziari «beste era batera» heltzeko: «Hau garaipen handia da askatasunean sinesten dugun familia guztiontzat eta antropologiari, psikologiari eta harreman afektibo-sexualei eragiten dieten eduki ideologikoak ikastetxeetan sartzerik nahi ez dugunontzat». Areago: elkarte horrek Nafarroako Gobernuari galdegin dio «gera dezala inposizio sistematiko eta gurasoen baimenik gabea».
EH Bilduren talde parlamentarioaren izenean, Bakartxo Ruiz parlamentariak nabarmendu du bai Espainiako Auzitegi Gorenak eta bai Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak ez dutela ezer esan Skolaeren edukiez eta, hortaz, programa tramitatzeko erari bakarrik eragiten diola ebazpenak, ez oinarriari: «Ustezko forma akats batek ezin du, inolaz ere, Skolaeren inplementazioa geldiarazi; izan ere, nahikoa lege estaldura du eta hezkidetzari buruzko dekretua onartzeko atarian gaude».
Ruizek ohartarazi du «sektore erreakzionarioenek» hezkidetza programaren ezarpenean eragin nahi dutela, horretarako Gorenaren epaia erabilita. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuaren «erantzun irmoa» espero duela gaineratu du Ruizek. Hain zuzen, Hezkuntza kontseilari Carlos Gimenoren agerraldia eskatu du EH Bilduren talde parlamentarioak, «Skolae programak duen lege estaldurari buruzko azalpenak eman ditzan». Horrez gain, azalpenak eskatuko dizkiote hezkidetza arautuko duen foru-dekretu proiektu horren ardatz nagusiei buruz ere.
Skolaeren balioa goretsi du EH Bilduko eledunak: «Hezkidetza programa aitzindaria da, eta ospe handia lortu du, nazioartean hezkuntza erreferente bihurtu baita». Hori dela eta, aurki onartzekoa den hezkidetza dekretuak Skolae «sendotzea» espero du Ruizek, «bai eta horren ezarpena bizkortu eta funts publikoekin finantzatutako ikastetxe guztietara zabaltzea ere, aurreikusia zegoen bezala».
Ahal Dugu-k ere txarretsi egin du Gorenaren epaia, eta iragarri du ekinbide parlamentarioak aurkeztuko dituela, «Nafarroako Gobernuak programari segurtasun juridikoa eman diezaion». Feminismoen Auzietarako idazkari Nahia Lizasok azaldu duenez, Skolaeren auzian jokoan dira sexu eta genero askatasuna: «Ez gara gizarte aske bat izanen (benetako askatasuna duena, eta ez eskuinak orain aldarrikatzen duen hori), baldin eta ez bagara gizarte bat non edonork nahi duen sexu identitatea izan dezakeen, ingurukoen beldur izan gabe». Hori dela eta, funtsezkotzat jo du belaunaldi gazteak «askatasun horretan heztea, pertsonen arteko errespetuan, beste ezeren gainetik».
Gorenaren ebazpenari dagokionez, Ahal Dugu-ren Nafarroako koordinatzaile Begoña Alfarok gaineratu du «eskuin atzerakoiak edozein forma akats edo arrakala» baliatuko duela «programaren oinarriari eraso egiteko; berdintasunari, alegia». «Ez die axola huts administratibo batek, ezta hurrik ere; berdintasunak kezkatzen eta aztoratzen ditu. Askatasuna nahi dute zertarako eta desorekan sakontzeko, eta hori antidemokratikoa da erabat».
Alfarok ohartarazi du Nafarroako Gobernuak ezin duela aurkeztu Gorenaren epaiaren kontrako errekurtsorik, baina neurriak ezar ditzakeela, Skolaeri segurtasun juridikoa emate aldera: «Dekretu foral batek Skolaeren ezarpena blindatuko luke, programari betoa jartzeko edozein ahaleginen kontra».