SNCFko langileek greban jarraitzen dute, negoziazioak abiatu badira ere

Ondorioz, ez dabil eskualdeko trenik Ipar Euskal Herrian. Atzo oihartzun zabala izan zen trenbideko langileen zein EDF eta GDF eliktrizitate eta gas hornikuntza konpainietako grebak.

2007ko azaroaren 15a
11:43
Entzun
Trenek geldirik jarraitzen dute Ipar Euskal Herrian, sindikatuen eta Frantziako Gobernuaren arteko negoziazioak hasi badira ere, SNCF tren konpainiako langileek lanuzteari eustea erabaki baitute.

Atzo, SNCF tren konpainiako langile gehienek greba egin zuten, erretreten erregimen bereziaren alde. EDF argindar konpainiakoek ere greba egin zuten. Baionako Herriko Etxeko, suprefeturako eta Medefen egoitzako argia eten zuten EDFkoek. Greba negoziazio giro batean iragan zen. Xavier Bertrand Frantziako Lan Ministroak bilera ukan zuen goiz osoan sindikatuekin. CGT sindikatuak onartu zuen negoziazioak enpresaka eginen zirela, Estatuko ordezkaritza baten parte-hartzearekin.

Orain arte, sindikatuek negoziazio orokorra nahi zuten. Frantziako Gobernuak negoziazioak enpresaz enpresa egitea proposatu zuen. Sindikatuek negoziazio orokor horiek hiru adarren artean egitea nahi zuten, hala nola Frantziako Estatuarekin batera. Frantziako Gobernuak negoziazio horietan parte hartzea onartu du. CGTren «urratsa» txalotu zuten Frantziako Gobernukoek, erranez «krisia lehenbiziko egunetan konpontzeko» hautua egin duela.

Frantziako Gobernuak ez du gibelera egiteko asmorik, erretreten erregimen bereziaren auzian. Orain arte, SNCF tren konpainiako eta EDF-GDF argindar eta gas konpainietako langileek erregimen berezia daukate. Sarkozyren aspaldiko xedea da erregimen berezi hori gainerateko erregimenen pare ezartzea. SNCFko eta EDF-GDFko langileek 37,5 urtez lan egin behar dute erretretan sartu ahal izateko. Gainerateko sektoreetan 40 urtez lan egin behar da. Erreforma horren helburua SNCFko eta EDF-GDFkoek ere 40 urtez kotizatu behar izatea da.

Horrez gain, bi sektore horietako langileek ez dute pentsio murrizketarik, kotizatzeko falta duten urte bakoitzeko. Gainerateko erretretadunen pentsioa apaltzen da, behar baino gutxiago kotizatu urte bakoitzeko. Berezitasun hori ere kendu nahi diete erregimen berezia duten langileei. Hirugarren desadostasun puntua, pentsioen urteroko igoeraren inguruan dute. Frantziako Gobernuak inflazioaren arabera igo nahi dizkie pentsioak, eta ez sektore horretako langileen soldaten igoeren arabera. Gainerateko pentsioak ere inflazioaren arabera igotzen dira.

SNCFko eta EDF-GDFko langileen erregimen berezi hori haien laneko «zailtasunak» kontuan hartuz ezarria izan zen. Zailtasun horiek nola kontuan hartu aztertzea izanen da negoziazioen helburuetariko bat. Mixel Dhers Hendaiako geltokian ari da lanean. Gaur egun, laneko zailtasuna ez dela gehiago indar fisikoan ikusten azaldu du. Besteak beste ordutegiak dituzte zailak. «Atzo [herenegun] 20:20ean hasi behar nintzen lanean, eta gaur [atzo] 04:20an bukatu. Eta horrela aste guztia.» Atzo ez zen lanean, greba egin baitzuen, eta Baionako Herriko Etxe aitzinean elkartu baitzen beste lankideekin batera.

«Lehengo astean 04:20tik 12:20 arte ari nintzen, eta heldu den astean 12:20tik 20:20 arte ariko naiz. Hori beti aldatzen da. Igandeetan eta jaiegunetan ere lan egin behar da, zerbitzu publikoa da eta.» Horrek familiako bizian ondorioak badituela azaldu du Dhersek. «Fisikoki ez da erraza. Lo gutxi egiten da. Oporretan izanez, gutxienez aste bat behar da erritmo normala biltzeko».

Lan karga gero eta handiagoa dela salatu du. «Gero eta langile gutxiago gaude, lan kopuru bera egiteko. Gero eta gehiago eskatzen digute. Biziki zaila da pausa egunak ukaitea. Norbait eri baldin bada, lankideen gain gelditzen da haren lana». 55 urtetan joan behar luke erretretara, eta akiturik iritsiko dela uste du. Baina, erreforma pasatuz gero, beste bizpahiru urtez lan egin beharko du.

EDFko langileek ere antzeko arazoak dituztela azpimarratu du Jean-Pierre Dupin Baionako EDFko langile eta CGT sindikatuko ordezkariak. Sektore pribatuko langileek ere egoera zailak jasan behar dituztela aitortu du, hala ere. «CGTren helburua zailtasunen gaia sektore guztietan aztertzea da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.