Urtebetera heldu da ebazpena: Amaia Azkue hiltzeaz akusatutako gizonezko gaztea errudun jo du epaitegiak. Hasieratik korapilo asko izan ditu sokak, kasua zurrumurruz eta susmoz bustitzeraino. Gainera, emakumea hiltzeko unean gaztea adingabea izateak eragin handia izan du gerora epaiketan eta zigorra betetzeko orduan. Epaia heldu arte ezer gutxi baieztatu da.
39 urte zituen Amaia Azkuek; Orion jaiotakoa zen arren, Getariko Meaga auzoan zuen bizitokia, eta Zarautzen egiten zuen bizimodua. Ezkonduta zegoen eta bi haur zeuzkan. Hain zuzen, alabak eskolara jasotzera agertu ez zenean piztu zen alarma. 2011ko martxoaren 16a zen: eguerdian adiskide batek ikusi zuen azken aldiz, Zarauzko saltoki batean. Azkue zenaren senarrak salatu zuen desagertzea.
Epaiak jakitera eman duenez, denda bateko aparkalekuan eraso zion hiltzaileak; aire pistola batekin egin zion mehatxu, eta Azkuerekin batera sartu zen autoan. Zarauzko erdigunera gidatzeko agindu zion gizonak, baita bi kreditu txartel zein pasahitzak emateko ere. Tesi horren arabera, indarrik gabe geratu da emakumeak gaztea autostopean hartu zuelako argudioa.
Lapurretaren hipotesia, ordea, berretsi egiten du sententziak: andrea hil zuten egunean 600 euro atera zituzten haren kontuetatik —300 euro bi aldiz—, Azpeitiko bi kutxa automatikotan; eta bi egunera dirua ateratzen saiatu ziren berriro, Zarautzen, baina ez zuten lortu, ordurako Azkueren txartelak bertan behera utzita zeudelako.
Era berean, epaiak frogatutzat jo du gazteak kolpeka hil zuela emakumea. Lehenengo erasoak ustekabean harrapatu zuen Azkue, eta ez zuen bere burua defendatzeko aukerarik izan; pistolaz jo zuen, buruan eta aurpegian zauri larriak eragiteraino. Andrea konortea galduta zegoela, harri batez jo zuen buruan; kolpeek heriotza eragin zioten. Epaiak ez du argitu non izan zen bigarren eraso hori.
Emakumea bere ibilgailuaren maletategian garraiatu zuen hiltzaileak, Azpeitiko Ibai-Eder urtegiraino, eta bertara bota zuen gorpua. Egun berean aurkitu zuten hilotza paseoan zebiltzan inguruko bizilagun batzuek, 17:15 aldera; handik hurbil poltsa bat topatu zuten, arroparekin. Indarkeria arrasto nabarmenak zituen gorpuak, eta eskuak eta hankak lotuta zeuzkan. Bi egunen buruan, berriz, Azkueren ibilgailua agertu zen Loiolako aparkaleku batean.
Hain justu, hilotza agertutako lekua esanguratsua izan zen ikerketan: poliziek ondorioztatu zuten Ibai-Eder inguruko parajeak ondo ezagutu behar zituela hiltzaileak. Zantzuek gidatuta, Azpeitiko gaztearengana heldu ziren abuztu erdialdean, hilketa gertatu eta bost hilabetera. Ertzaintzak deituta, susmopean zegoen gaztea aitarekin eta abokatuarekin agertu zen Azkoitiko polizia etxean. Galdeketa egin zioten, baina aske atera zen, nahiz eta ertzainek kontraesanak antzeman zizkioten adierazpenetan. Ordu gutxira, ordea, gazteak berak eman zuen pausoa: Azkue hil izana aitortu zuen.
Donostiako Auzitegiko Adingabeen Fiskaltzan egin zuen aitorpena. Izan ere, 18 urte betetzeko ordu eskas batzuk geratzen zitzaizkion. Akusatua adingabea izateak auziari buruz zabaldutako informazioa baldintzatu du; horregatik egin dute epaiketa ateak itxita.
Susmoak Urola Kostan
Gizartean ezohiko eragina izan du Azkueren kasuak. Hilketaren hurrengo asteetan izua zabaldu zen Urola Kostan, eta horrekin batera, zurrumurruak. Azpeitiko Udalak, adibidez, ohar bat kaleratu zuen, herritarrei eskatuz ez aireratzeko egiaztatu gabeko informaziorik.
Hilketa gaitzesteko protestak ere egin dituzte Zarautzen, Getarian, Orion eta Azpeitian. Mugimendu feministak, bestalde, emakumeen aurkako indarkeriarekin lotu du auzia. Epaiketa egin zen egunetan elkarretaratzeak egin zituen Urola Kostako Koordinadora Feministak auzitegiaren aurrean, eta hura amaitutakoan oharra kaleratu zuen Emakundek, Azkueren hilketa gaitzetsiz: «Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunen adierazle latz eta gogorrena da».
Sokaren korapiloak askatu nahian
Hasieratik zurrumurru eta susmoz inguratuta egon da Amaia Azkueren hilketa. Epaiak frogatutzat jo du hiltzaileak aparkaleku batean eraso ziola emakumeari, bi kreditu txartel lapurtu zizkiola eta kolpeka hil zuela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu