Izan ere, ESKren eta INE Espainiako Estatistika Institutuaren datuen arabera, azken hamar urteetan soldatek BPG Barne Produktu Gordinean duten pisua 3,1 puntu murriztu da. Enpresaburuen etekinak, berriz, 1,8 puntu egin dute gora epe horretan. Horrela, errentek eta enpresaburuen irabaziek ia pisu bera zuten 2007ko BPGan: %46,5 ziren soldatak, eta%43 enpresaburuen mozkinak.
Horren erantzukizuna, neurri batean, sindikatu mugimenduaren ahuleziari egotzi dio ESk-k, batez ere hitzarmen kolektiboa negoziatzeko orduan.
Bestalde, Hego Euskal Herriko eta Espainiako batez besteko soldata ere %4 murriztu da 1997 eta 2007. urteetan. Egoera hau soldata altua eta lan egonkorra dutenentzat jasangarria dela baina errenta baxuenak dituztenentzat «oso eskasa» dela azpimarratu dute sindikatuko kide Jose Luis Gartziak eta Gorka Armendarizek. Eta kaltetuenak emakumeak, gazteak eta etorkinak dira, sindikatuaren hitzetan.
POBREZIAREN MUGAN. Sexuen arteko aldea nabarmena da errenta kontuetan: emakume nafarrek gizonezkoek baino 6.861,40 euro gutxiago kobratzen dute urtean:23.645,40 eurokoa da gizonezkoen urteko soldata, eta 16.784 eurokoa emakumeena. Gazteek -25 urtez beherakoek-, berriz, urteko 14.442,79 euroko errenta dute. Eta etorkinek 16.269,58 eurokoa.
Soldaten jaitsierarik nabarmenena 2001 eta 2006. urteetan izan zen, INEko datuen arabera: urtetik urtera 0,5 murriztu ziren, bost urte horietan errentak. Soldaten murrizte nabarmen hori lan prekarietatearen osagaietako bat dela salatu du ESK-k, eta prekarietate sozialerako arrisku faktore gisa ere nabarmendu dute.
Nafarroako biztanleen %22,1 pobreziaren mugatik haratago bizi dela gogorarazi dute, eta%4,8 berriz pobrezia larrian. Hala ere, familia nafarren aberastasuna areagotu egin da orain artean, euren etxebizitzen prezioaren igoeragatik eta enpleguaren hazkundeagatik.