Zaldibarko (Bizkaia) herritarrek eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuzeren senideek Verter Recycling 2002 SM zabortegian harrapatuta gelditutako bi langileak izan dituzte gogoan gaur arratsaldean, Eitzagako plazan eginiko ekitaldi batean. Hilabete da zabortegia amildu zela, eta oraindik horiek bilatzeko lanetan ari dira.
Zaldibar Argitu plataformak antolatuta egin dute omenaldia; bertan, lore eskaintza bat egin dute bien alde, eta salatu dute instituzioen «lehentasuna» izan dela AP-8 autobidea «lehenbailehen» zabaltzea, bi beharginak bilatzen jardun beharrean. Plataformak erakundeei eskatu die «arduraz» jokatzeko eta ez uzteko igarotzen beste hilabete Sololuzeren eta Beltranen gorpuak topatu gabe.
Horrez gain,«zenbait karguk beren erantzukizunak harzteko» eskatu du plataformak; «bermeak» ere nahi ditu, gertatutakoa errepika ez dadin.
Bi langileak bilatzeko Koordinazio eta Jarraipenerako Mahai Teknikoa gaur batzartu da, eta, haren arabera, operatiboaren «amaiera bakarra» da bi beharginak topatzea, horrek «denbora» emango badu ere. Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak jakinarazi duenez, beste bide bat zabaldu dute, modu seguruan ailegatzeko B1-3 eremura. Hortaz, asteburuan zehar, talde bat bilaketa lanetan hasiko da «hildakoetakoren bat topatzeko aukera dagoen» zonalde batean. Horrez gain, B4 gunean ari dira arakatzen; 10.600 metro kubiko kendu dituzte handik.