alakrana auzia

Somaliak bahiketa bukatzeko "ahaleginak biderkatuko" dituela dio Espainiak

'Alakrana'-ko senideek eskaera zehatz bat egin diete gaur Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidenteari eta Zapaterori: bi pirata presoak Somaliara bidal ditzatela. Biotako bat "konplize" izendatzeko eskatu du defentsa abokatuak, Somaliara kanporatzea errazteko. Gaur 40 egun bahitu zuten Bermeoko atunontzia, Indiako Ozeanoan.

2009ko azaroaren 10a
20:06
Entzun
Miguel Angel Moratinos Espainiako Gobernuko Atzerri ministroak gaur arratsaldean azaldu du Somaliako arduradunek agindu diotela "ahalegina biderkatu" egingo dutela Alakrana Bermeoko atunontziaren (Bizkaia) bahiketa bukatzeko. Bide batez, Espainiak "bide juridiko guztiak jorratzen" segituko duela hitz eman du Moratinosek.

Marinelen senideak Madrilen izan dira gaur. Angel Juanes Espainiako Auzitegi Nazionaleko presidentearekin batzartu dira 13:00-13:30ak artean, eta 17:00etatik aurrera Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidentearekin bildu dira, Moncloa jauregian -Elena Espinosa Arrantza ministroa ere han izan da-. Juanesi eta Zapaterori eskaera zehatz bat egin diete: Espainiak kartzelan dituen ustezko bi bahitzaile somaliarrak Somaliara itzultzeko eskaera, hartara ontziaren bahiketa bukatzeko pauso handia emango delakoan. Bahitzaileek behintzat, baldintza hori jarria dute, bi pirata presoak askatzeko.

"Itxaropen handia" dute arrantzaleen senideek, gaur goizean lehen bileraren aurretik aitortu dutenez. Auzitegitik irten direnean ez dute jendaurreko adierazpenik egin. Zapaterorekin egindako batzarraren ondoren ere ez, oraingoz.

Espainiako gobernuburua mugitzen hasi da azken egunetan, eta atzo zioen "egoera bideratutzat" jo litekeeela. Polonian zen Zapatero, Espainia eta Poloniaren arteko goi bileran, eta han egin zituen adierazpenok. Ez zuen informazio zehatzagorik eman negoziazioei buruz, eta Espainian atxilo dauden bi piratak Somaliara estraditatzeko aukerez ere ez zuen hitzik egin: "Oso arduratsua eta begirunetsua izan behar dut jurisdikzio eremukoak izan litezkeen erabakiekin". Alderdi politikoei eta komunikabideei "zuhurtziaz" jokatzeko eskatu zien; "Gobernuak esfortzu guztiak egingo ditu", Zapateroren esanetan.

Atzo Iñigo Lamarca Euskal Autonomia Erkidegoko Arartekoarekin bildu ziren senideak, Bilbon. Lamarcak ziurtatu zien bere eskuetan dagoena egingo duela ustezko bi piratak "traba" izan ez daitezen.

Gaur 40 egun bahitu zuten Alakrana -urriaren 2an-, Indiako Ozeanoan, Somaliatik 400 bat miliara. 36 lagunek osatzen dute tripulazioa -zazpi, euskal herritarrak dira-.

Atxilotutako pirata bat "konplize" izendatzeko eskatu du haren defentsa abokatuak

Espainian espetxeratua dagoen bi piratetako bat "konplize" izendatzeko eskatu du haren abokatuak. Hala balitz, Abdu Willyren zigorra sei urte baino baxuagoa izango dela eta herrialdetik Somaliara kanporatzeko txostena bideratu ahal izango dutela adierazi du defentsa abokatuak.

Fernando Burgos Auzitegi Nazionaleko fiskalak ez du erantzunik eman abokatuaren proposamenaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.