Politika

Somotoko tronutik akusatuen aulkira

2015eko maiatzaren 21a
11:53
Entzun

Dirutza handiak kudeatzen ditut nik, eta 944.485 dolar bildu ditut oraingoan, Somoton lan garrantzitsua egiten duten erakundeen artean banatzeko". 2007ko uztaila zen, eta harro mintzo zen Ana Urtxuegia Somotoko (Nikaragua) biztanleen aurrean. Garai hartan, Lasarte-Oriako alkate zen Urtxuegia, eta kooperaziorako diru laguntza publikoak nahieran erabiltzea leporatu zion Espainiako Epoca aldizkariak artikulu batean. Salaketak gezurtatzeko egin zuen agerraldia alkateak. "Diru hauek ez dira ezein erakunderenak. Nireak eta beste hiru pertsonarenak dira, eta eskuzorroen nahiz bestelako artikuluen salmentari esker bildu ditugu, Somotoko herriari laguntzeko". Beste askok, ordea, ez dute horren argi zer gertatu zen 2000 eta 2010. urteen artean kooperaziorako emandako diruarekin. Laguntzak nola kudeatu ziren ikertzeko eskatu die Lasarte-Oriako Udalak epaileei.

Abenduaren 19an hartu zuen erabakia udalbatzak, Bildu, EAJ, LOHP Lasarte-Oriako Herritar Plataforma eta PSEko zinegotzi ohi Marisa Zubiriren botoekin. PSE eta PPren udal taldeek, berriz, abstentziora jo zuten. "Alkatetzarenak ez diren zenbait eskumen erabili zituen Urtxuegiak urte horietan: lokal bat erosi, ondasunak eman, lan kontratuak sinatu... Hori guztia prozeduratik kanpo egin zen. Horrek bide ematen digu esateko kudeaketa erabat desegokia izan zela eta diru publikoen erabilera bidegabearen zantzuak daudela. Gertatutakoak, gutxienez, ikerketa bat merezi duela uste dugu", azaldu du Lasarte-Oriako egungo alkate Pablo Barriok (Bildu).

PSEko bozeramaile Jesus Zaballosek, berriz, interes politikoak eta elektoralistak izatea egotzi zien alderdi abertzaleei, urteko azken osoko bilkuran: "Zuen helburu bakarra PSE Lasarte-Oriako alkatetzatik kanporatzea zen. Ez duzue ezer argitu nahi izan; gure izena gezurrez belztea izan da zuen asmoa". Egia azaleratzeko interes handiena duen alderdia PSE dela gaineratu du Zaballosek behin baino gehiagotan.

Barrio alkatearen ustez, baina, aurkeztutako kereilak oinarri sendoak ditu, eta ez du hauteskundeekin zerikusirik: "Kereilaren inguruko lanketa ez zen agintaldi honetan hasi, aurrekoan baizik. Batzorde berezi bat sortu zen udalean auzia ikertzeko, eta alderdi guztiek adierazi zuten gertatutakoa argitzeko asmoa. Horren ondorioa da aurkeztu berri dugun kereila. Egia da prozesua asko luzatu dela, guk nahi genuena baino askoz gehiago, baina hortik harago, ezin zaigu ezer egotzi, agintaldia hasi zenetik buru-belarri aritu baikara auzi hau ikertzen. Orain arteko jarrerarekin koherenteak izan gara, besterik ez".

Zehazki, Barrioren esanetan, bi oinarri nagusi erabili ditu udalak kereila aurkezteko: alde batetik, ikerketa batzorde bereziak bildutako dokumentazioa; eta, bestetik, 2012an Zubizarreta Consulting aholkularitza enpresak egindako txostena. "Informazio horrek guztiak oinarri sendoa ematen digu aurrera egiteko, zantzuak asko direlako eta asko dagoelako argitzeko", gaineratu du alkateak.

Legedi espezifikorik ez

2012ko txostena ontzean, Zubizarreta Consulting taldeko ikerlariek "irregulartasun ugari" atzeman zituzten Lasarte-Oriako diru laguntzen banaketa prozesuan. Txostenean aipatzen denez, 38/2003 legea indarrean jarri arte (2004ko otsailaren 18an) sektore publikoak ematen zituen diru laguntzen alorra ez zegoen arautua, eta udal bakoitzak ordenantzen bidez erregulatzen zuen bere kooperazio politika. Diru banaketa eta operazio opakuak ahalbidetu zituen horrek.

Zehazki, 2000. eta 2010. urteen artean, Lasarte-Oriako Udalak 2.486.386 dolarreko laguntza (2.112.505 euro) eman zien hiru entitateri: LOSSB Lasarte-Oria-Somoto Senidetzearen Bulegoa, Asodecom eta Somotoko alkatetza. Lehenbizikoak ez zuen izaera juridikorik ere, eta, beraz, desagertu egin zen 2008an. Horren ordez, Somoto Fundazioa sortu zuten bi udalerrietako alkateek.

Asodecom elkarteari emandako dirua ere polemika iturri izan zen 2006an. Diagonal aldizkariak argitara eman zuenez, kooperaziorako funts publikoa Somotoko enpresaburu handiak aberasteko erabili zen: "Besteak beste, Lacteos Froylan enpresa. Diru publikoen truke, esnearen kalitatea eta kantitatea hobetzeko eta ekoizle txikiak laguntzeko proiektu bat garatu behar zuen enpresak, baina, horren ordez, prezio merkeena eskaintzen zuten konpainiei erosi zitzaien esnea", argitaratu zuen aldizkariak. Asodecom elkarteko presidentea, Marcio Rivas, Somotoko alkate eta Urtxuegiaren bikotekide ere bazen garai hartan.

2011n, bestalde, Noticias taldeko zenbait kazetarik erreportaje sorta sinatu zuten Somoton aurkitutako irregulartasunen inguruan. "Ordurako, entzunak genituen hainbat zurrumurru, eta afera bolo-bolo zebilen euskal kooperanteen artean", gogoratu du Guillermo Nagore kazetariak. "Finean, gure iturriek esan zigutena izan zen Urtxuegia alkateak nahieran banatzen zituela diru laguntzak eta bere burua Somotoko erreginatzat zuela".

Nikaraguara joan zirenean, ordea, zurrumurru horiek izozmendiaren tontorra besterik ez zirela ikusi zuten kazetariek. "Ikertzen hasi ginenean, Urtxuegiaren izenean zeuden sei lursail eta higiezin topatu genituen. Eta hori oso susmagarria da berez: oso deigarria da, Lasarte-Oriako alkate izanda, udalak kooperaziorako daukan diru sail osoa Nikaraguako herri bakarrari ematea eta —hango biztanle gehienak miseria gorrian bizi diren arren— toki horretantxe hainbat lursail eta etxebizitza erostea", azaldu du Noticias taldeko kazetariak.

Jabetza horien guztien artean, atentzioa eman ziena milioi bat metro koadroko etxalde bat zen. Hori erosteko prozesua erabat iluna izan zela uste du Nagorek: "Lasarte-Oriako Udalak emandako laguntzekin gobernuz kanpoko erakunde bat sortu zuten Somotoko alkate ohiak eta Urtxuegiak berak; gero, GKE horrek lursail bat erosi zuen eremu hartako ekonomia pizteko, abeltzaintza sustatzeko eta baserritarrei laguntzeko... eta, handik urte gutxira, Urtxuegiaren esku gelditu zen dena".

Auziak hedabideetara jauzi egin zuenean, Urtxuegiak zenbait bilera egin zituen Somoto inguruko nekazariekin, bere burua zuritzeko eta, aldi berean, bere azpilanen berri ematen zutenei mehatxu egiteko. "Irakurtzen eta idazten ere ez zekiten baserritar askok lau orduko bidaia egin zuten Doña Ana-ren konferentzia entzuteko, ogitarteko baten truke. Baina baten batek hitzaldia grabatu eta Youtube atarian jarri zuen, eta polemikak eztanda egin zuen. Nekazari xume horien aurrean Urtxuegiak izandako jarrera harroa eta mehatxuzko tonua iraingarriak ziren. Kolonien garaiko jauntxo bat ematen zuen. Kazike bat".

Itzalaldi informatiboa

Hedabideek argitaratutako guztia gezurra zela esan zuen Urtxuegiak, eta PSEk ere babestu egin zuen Lasarte-Oriako alkatearen jarduna. Nagoreren esanetan, Eusko Jaurlaritza bera ere (sozialisten eskuetan) kazetarien lana oztopatzen saiatu zen: "Somoto auziak eztanda egin zuenean, 2011n, Patxi Lopez Ajuria Enean zegoen, eta halako eskandalu bat azaleratzeak izugarrizko kaltea eragin ziezaiokeen. Gainera, Espainiako eta Euskal Herriko komunikazio enpresa handienentzat, Lopez heroi bat zen, Ibarretxe agintetik kenduta, PPren babesarekin gobernatzen zuelako. Horregatik ez zuten txintik ere esan auzi horren inguruan. Isiltasun mediatikoa izugarria izan zen; inoiz ezagutu dudan itzalaldi informatiborik zorrotzena. Lehendakariak bere esanetara zituen Espainiako egunkari, irrati eta telebista jeneralista nagusiak. Ukiezina zen".

Euskal Herrian hedabideek aurre egin beharreko oztopoak ez ziren deus izan Somotoko berriemaileek sufritu zituztenekin alderatuta. "Guk zailtasunak eta trabak jasan genituen hau guztia ikertzeko, baina Nikaraguan genituen kontaktuek bereak eta bi egin behar izan zituzten informazioa lortzeko: zenbait erregistrotara sartzeko debekuak, datuak eskuratzeko trabak... Ustelkeria eta indarkeria oso hedatuta daude hango erakundeen barruan, eta Urtxuegiak Somoton zuen boterea izugarria zen. Herritar askok ez zuten kazetariekin hitz egin nahi. Beldur ziren", gogoratu du.

Oztopoak oztopo, sare sozialen eta hedabide alternatiboen ugaritzeak erraztu egin zuen irregulartasun salaketen zabaltzea, eta horrek Urtxuegiaren ibilbide politikoaren gainbehera bizkortu zuen. "Ordura arte, PSEk gehiengo osoa zuenez, eroso ibili zen alkatea, baina 2007ko hauteskundeetan galdu zuten gehiengoa sozialistek, eta Ezker Batuarekin ituna sinatu behar izan zuten udalean. Une horretatik aurrera, Urtxuegiak ez zuen den-dena kontrolatzerik izan, eta orduantxe hasi ziren lehen arrakalak. Aldi berean, PSEren barruan ere, militante asko nazkatu egin ziren Urtxuegiaren moduekin. Berez, informazio baliotsuena filtratu zutenak ez ziren oposizioko zinegotziak izan, PSEko kide batzuk baizik", azaldu du Nagorek.

Arrazoi batengatik zein besterengatik izan, alderdiarentzat zama handia bihurtu zen Ana Urtxuegia. Alkate izateari utzi zion 2010ean. Txile eta Perurako EAEko ordezkari izendatu zuten, eta kargu horretantxe lan egin zuen 2013an, EAJ Eusko Jaurlaritzara itzulita, kargugabetu zuten arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.