SUTEA

Soraurengo sutea kontrolpean dagoela esan du gobernuak

Suhiltzaileak lanean ari dira sutea kontrolpean hartzeko, baina dagoeneko arriskua bigarren mailatik lehenengora jaitsi dute. Gaur zortzi sutea gertatu zen eremu horretan bertan. Foruzaingoak NA-121 errepidea moztu du, Arreko herrira sarreran. Laster irekiko dutela espero da.

2012ko abuztuaren 23a
20:33
Entzun

Sutea piztu da, gaur arratsaldean, Sorauren herrian (Ezkabarte, Nafarroa). Hiruko eskalan bigarren mailakotzat jo du Nafarroako Gobernuak. Iragan ostegunean sutea gertatu zen eremu horretan bertan, eta hamalau hektarea lur kiskali ziren. Basoan piztu da sua, eta ketza handia sortu du. Ordu batzuren buruan, ordea, kontrolpean hartu dutela adierazi du Nafarroako Gobernuak, eta lehen mailara jaitsi du.

Haizearen eraginez indarra hartu du suak arratsean, eta garrak errepidera iritsi dira. Foruzaingoak NA-121 errepidea moztu du, Arreko herrira sarreran. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 15:14ean piztu da sutea, gaur zortzi beste sute bat piztu zen eremu berean. Orduko sutea erabat itzalita zegoen astearterako, gobernuaren esanetan, eta beraz, ''sutea ez da berpiztu''; beste leku batean sortu dela zehaztu du.

Suhiltzaileak lanean ari dira oraindik; 52 pertsona eta dozena bat ibilgailu baino gehiago daude lekuan, sua menderatzen. Arratsaldean, hegazkinen laguntza izan dute, sutea kontrolpean hartzeko. Tuterako eta Zangotzako suhiltzaileak bertaratu dira, Iruñekoekin batera. Bi suhiltzaile ospitalera eraman dituzte; kolpea hartu du batek, eta ebakia egin du besteak.

Bosgarrena astebetean

Gaur Soraurenen izan denarekin bost sute piztu dira astebetean. Nafarroan izan dira gehienak. Herenegun Lizarrerrian, Aras eta Bargota artean, gertatutako suteak mila hektarea inguru kiskali ditu; Euskal Herrian azken hamarkadan izandako suterik handiena izan da. Iragan ostegunean, Soraurenen bertan beste sute bat gertatu zen, eta hamalau hektarea kiskali ziren. 

Ostiralean, berriz, bi sute piztu ziren: Ulia mendian (Pasaia, Gipuzkoa) eta Irurtzunen (Nafarroa). Ulian bi gune ezberdinetan sortu zen sua ia une berean, 15:15 aldera, eta iluntzerako mendean hartu zuten suhiltzaileek. Ipar haizea sartu zen arratsean, eta horrek moteldu zuen sua. Hamar hektarea erre ziren. Irurtzungoa A-15 autobidearen ezkerraldeko haitz batean piztu zen, Donostiarako bidean. Sutearen hedadura txikia zen arren, Soraurenen lanean ari ziren hegazkin batzuek itzaltzen lagundu zuten. Horrez gain, Lodosako suhiltzaileak ere aritu ziren bertan lanean, eta hegazkinek alde egin zutenean bertan gelditu ziren sua berriz ez zela piztuko ziurtatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.