EUSKAL PRESOAK

Soriako espetxera "maitasun hitzak" dituzten pilotak bota ditu Ernaik

"Arduraz" jokatzeko eskatu die gazte antolakundeak Frantziako eta Espainiako Gobernuei, eta dei egin dute urtarrilaren 11ko mobilizaziora joatera. [Youtube]http://youtu.be/XxFNQa3Ibpw[/Youtube]

Hodei Iruretagoiena
2013ko abenduaren 28a
11:32
Entzun

Euskal Herritik Soriako kartzelara (Espainia) eraman zuen atzo elkartasuna Ernai gazte antolakundeak, Denak Ala Inor Ez dinamikaren barruan. Olentzero bailiran, hainbat pilota bota zituzten kartzela barrura, presoei zuzendutako "maitasun hitzekin", eta presoak etxeratzeko leloa aireratu zuten presondegi gainera, helioz puztutako globoekin.

Espainiako eta Frantziako Gobernuei eskatu zieten "arduraz" jokatu, "konponbideranzko urratsak" egin eta sakabanaketa bukatzeko: "Sakabanaketak eragiten duen sufrimendua amaitu egin behar da ezinbestean". Presoek etxean behar dutela aldarrikatu zuten, gainera: "Gurekin batera, kalean, aske". Horregatik, Bilborako deia egin zieten gazteei: "Mikel Laboaren abestiak dioen bezala, ez gara aske izango bat loturik deino, eta hori lortu artean gogor jarraituko dugu borrokan".

Mobilizazio ugari Bilboko "itsasoaren" atarian

Egun bereziak izaten dira Gabonak euskal preso eta iheslarien senide eta lagunentzat, eta hamaika mobilizazio egin dituzte azken egunetan, elkarretaratze, kantu eta bestelakoen bidez. Horrela, mobilizazioetan bildutakoek dei egin diete herritarrei Tantaz Tantak urtarrilaren 11n Bilbon egingo duen Mobilitsasoan parte hartzeko. Azpeitian, esaterako, ehunka "tanta" elkartu ziren frontoian, kartel urdinak eskuan, denen artean "tanta erraldoi" bat osatzeko. Autobusak ere antolatzen ari dira jada herri gehienetan.

Atzo iluntzean, urteko azken ostirala izanik, milaka herritar irten ziren kalera, herriz herri, preso eta iheslarien eskubideak aldarrikatzeko. Hileroko azken ostiraletan bezala, elkarretaratze ugari egin zituzten Euskal Herrian zehar. Mutrikun, esaterako, 70 lagun elkartu ziren; Elorrion, 147; Abanton, 37; Sondikan, 21; Erandion, 68; Otxandion, 71; Abadiñon, 56; Zeberion, 36; Larrabetzun, 107; Getarian, 72; Zumaian, 65; Zarautzen, 165; Irunen, 160; Hondarribian, 45; Zaldibian, 125; Errenterian, 212; Mendaron, 34; Lasarten, 140; Ikaztegietan, 14; Zizurkilen, 67; Villabonan, 47; Ibarran, 55; Tolosan, 110; Berrobin, 6; Berastegin, 38; Anoeta-Ibarran, 52; Leitzan, 45; Irurtzunen, 80; Lesakan, 36; Berriozarren, 50; Bastidan, 12; eta Zuian, 50.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.