Krisia erabiltzen dute lan ituna ez sinatzeko aitzakia gisa, baina falta dena ez da dirua, borondate politikoa baizik. Ulertezina da erakunde publiko batek egoera honetan uztea gurea bezalako kolektibo bat». Kezkatuta eta haserre hitz egin du Asimec enpresako langile Nerea Espartzak. Mendekoei arreta etxean eskaintzeko Iruñeko Udalak sortutako enpresa da Asimec. Langile batzordeko kide da Espartza, eta gogorarazi du sorreratik—2008tik ari da lanean Asimec enpresa—lan hitzarmenik gabe daudela. «Horrek zera dakar: langile publikoei aplikatzen zaizkien murrizketak ezartzen zaizkigula, baina ez ditugula haiek dituzten lan eskubideetako asko. Hori ez da bidezkoa».
2008ra arte Iruñeko Udalak zuzenenean kudeatzen zuen etxez etxeko arreta zerbitzua. Baina orduan enpresa publiko bat sortu zuen. «Langileek ez genuen espero halakorik. Izan ere, ordura arte zerbitzuak primeran funtzionatzen zuen». Egoera horretan, lanpostua mantentzeko edo lortzeko langileek oposizio bat gainditu behar izan zuten. Lan hitzarmenik gabe hasi ziren lanean. «Ulertezina zen. Izan ere, udalak nahikoa zuen bertako langileen hitzarmen bera guri aplikatzea», salatu du Espartzak.
Handik urtebetera hauteskunde sindikalak egin zituzten, eta lan hitzarmen bat negoziatzen hasi ziren. Oraindik ez dago akordiorik. «Egoera korapilatuz joan da, udalak ez baitu borondate politikorik izan akordio bat lortzeko. Egin ziguten azken proposamena onartezina zen, eta atzera bota genuen. Orain, hordagoa jo, eta ez dute negoziatzeko asmorik. Gure jarrera kontrakoa da. Guk hitz egin nahi dugu».
Hiru eskari dituzte, nagusiki: gaixoaldian daudenean soldata osoa kobratzea, antzinatasunagatik dagozkien eskubideak izatea eta mendekotasunak dituztenen zaintzea fisikoki eta psikologikoki oso nekagarria delako osagarri bat izatea. «Lehen bi kasuetan, beste langile publikoekin parekatzea nahi dugu. Osagarriarekin gure lana gogorra dela onartuko litzateke».
Lan eskubideekin gertatu ez bezala, langile publikoei ezarritako murrizketak aplikatzen ari zizkiela salatu du Espartzak: «2008tik, adibidez, soldata izoztua dugu».
Adostasunak, «zail»
Diru falta da ituna ez sinatzeko udalak erabiltzen duen arrazoia. «Krisiagatik dela diote. Baina dirua egon badago. Adibidez, gure enpresak 1.876.400 euroko aurrekontua zuen iaz. Udalak, ordea,102.000 euro gutxiago eman zituen. Diru horrekin ordaintzen da lan hitzarmenaren kostua. Falta dena sinatzeko nahia da».
Horrekin garbi geratu da, Espartzaren ustez, zaintza lanei hainbat erakunde publikoek ematen dieten garrantzi «eskasa». Hori aldatu beharra aldarrikatu du. «Garai batean mendekoen zaintza etxekoek egiten zuten. Baina gaur egun arreta hori eskaintzeko ikasi eta prestatu diren profesionalak daude. Horri esker, urrats eta hobekuntza nabarmenak egin dira zaintzan. Langile horien zereginak onarpena behar du». Etxez etxeko langileen beharra «are ikusezinagoa» dela nabarmendu du, gainera. «Mediku edo erizain baten lana gizarte osoak ikusten du, baina gurea soilik mendekoen senideek. Horretaz aprobetxatzen dira».
Genero arrazoi bat ere badagoela uste du. «Sektorean lan egiten dugun gehienak emakumeak gara, eta gure lanak beti ditu ezaugarri prekarioak. Krisi garaietan are gehiago okertzen dira gure lan baldintzak».
Dena den, lan hitzarmen «duin eta on bat» lortzeko lanean jarraituko dute. «Esan bezala, hitz egiteko prest gaude. Baina mobilizatzen jarraituko dugu».
Urriaren 3an, 9an eta 11n bi ordu eta erdiko lanuzteak egin zituzten. Udalak egun horietan jarritako gutxieneko zerbitzuak «gehiegizkoak» izan zirela salatu du Espartzak. «Horren ondorioz, lanuzteak apenas sumatu ziren zerbitzuan». Hilaren 22 eta 24rako ere lanuztera deitu dute. Oraingo honetan bi ordukoak izango dira. «Etzi, gainera, batzarra dugu langileek, eta ez dugu baztertzen mobilizazio gogorragoak egitea». Mendekoen senideen eta alderdi politiko gehienen babesa dute. «UPNk eta PPNk izan ezik, denek esan digute beharrezkoa ikusten dutela guk lan hitzarmen bat izatea», azaldu du Espartzak.
Sorreratik lan itunik gabe
Iruñeko Udalak enpresa publiko bat sortu zuen 2008an mendekotasunak dituztenei etxean arreta eskaintzeko. Langileek lan baldintzak salatu dituzte, eta lan hitzarmen bat eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu