Gero eta gehiago dira larunbat honetan Bakerantz, legalizazioa lelopean Bilbon antolatu duten manifestazioari babesa adierazten ari diren eragileak. Atzo, Ezker Batua eta Sortu alderdiek eta LAB, EILAS eta Hiru sindikatuekdeialdiarekin bat egin zuten.
Sortu alderdi berriko sustatzaileek bat egin dute manifestazioarekin, eta gizarteari parte hartzeko eskatu diote. Iragarri dutenez, Sorturen bultzatzaileak Bilbon izango dira.
EB-Berdeak alderdiko zuzendaritzak ere atzo iragarri zuenmanifestaziora joango dela, eta euskal herritarrei dei egin zien larunbatean Bilbora joan daitezen. Serafin Llamas EBko eledunaren esanetan, Sortu hauteskunde lehiatik baztertzeko «arrazoi politiko, juridiko eta etikorik ez dago». Patxi Lopez Jaurlaritzaren lehendakariaren «hipokrisia» kritikatu zuen Llamasek, Sorturen legeztatzea deseatzen duela esan arren, alderdien mahaia eratzeari «trabak» jartzen ari zaiolako.
Manifestazioari sostengua agertu dio LAB sindikatuak ere. Ohar batean jakinarazi duenez, bake bidean lehentasunezkoa da normalizazio politikoa lortzea eta aukera politiko guztiek lehia politikoan baldintza berberetan jarduteko eskubidea izatea. Sindikatuak euskal langileei eta gizarteari dei egin die manifestazio deialdian «aktiboki» parte hartzeko konpromisoa hartzeko.
Gisa berean, EILAS sindikatuak atxikimendua eman dio deialdiari, uste baitu Sorturen legeztatzea bakea eta normalizazio politikoaren bidean «lagungarria» izango dela. Espainiako Gobernuari, berriz, «arduraz» jokatzeko eta Sorturi politikagintzan parte hartzeko aukera emateko galdegin dio.
Hiru garraiolarien sindikatuko zuzendaritza ere larunbateko manifestazioan izango da. Hiruk ohar batean adierazi du ezinbestekoa dela ezker abertzalea legeztatzea «normalizazio politikoa, bakea eta demokrazia erdiesteko». Era berean,Espainiako Gobernuari eskatu dio Sortu legeztatzeko bidean «traba gehiagorik» ezjartzeko.
Sortu, EB, LAB, Hiru eta EILAS Bilbora joango dira
'Bakerantz, legalizazioa' lelopean etzi egingo den manifestaziora joateko eskatu diote euskal gizarteari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu