Sortu legezta ez dezaten ahaleginduko da Fiskaltza

Conde-Pumpido fiskal nagusiak eman du hartutako bidearen berri, urte judiziala hasteko ekitaldian

Erredakzioa
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Candido Conde-Pumpido Espainiako Estatuko fiskalburuak argi esan du Sortu legeztatzeko eskaeraren inguruan Fiskaltzak zein jarrera izango duen: ahaleginak eta bi egingo ditu Sortu legezta ez dezaten. «Ez da legeztatu behar, haren presentzia politikoaren atzean ETAren desafiozko itzal tematiak irauten duen artean». Sorturen aurkako jarrera hori defendatzen ari da Auzitegi Konstituzionalean; auzitegi horrek ebatzi behar du auziari buruz.

Atzo jakinarazi zuen Espainiako Fiskaltzak hartutako bidea Conde-Pumpidok, urte judiziala hasteko saioan fiskalburu gisa egin duen azken hitzaldian. Izan ere, aurten beteko du mandatua fiskal nagusiak, eta, gehienezko epea gaindituko duenez, ezin izango da berriz hautaketara aurkeztu.

Conde-Pumpidok azaldu duenez, ez da berria atzo iragarritako bidea. Bildu «kanporatzeko» ahaleginean ere esku artean zituen bide guztiak erabili zituela azaldu du, baina epaileek ez zioten arrazoia eman.

Bilduren aurka egin zuen saioa errepikatuko du orain Sorturen aurkako auzian, eta gogor egingo du alderdia legezko bihurtzearen aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan parte hartzea eragotzi zion maiatzean bertan Auzitegi Gorenak Sorturi, eta, alderdiak erabakiaren aurkako helegitea aurkeztu zuenez, Auzitegi Konstituzionalean dago orain auzia. Konstituzionalak datorren asteartera arteko epea emana dio akusazioari Sortuk legez kanporatzearen aurka aurkeztutako helegitearen kontrako alegazioak aurkezteko.

«Mesfidantza»

Espainiako Estatuko fiskal nagusiak esan du legeztatzearen aurka gogor egingo duela, eta, gainera, ohartarazi du «ETAk eta haren inguruak anbiguotasunean jarraitzen duten bitartean» Fiskaltzak jarrera hori izango duela. Izan ere, Conde-Pumpidoren esanetan, «anbiguotasun» horrek «mesfidantza» eragiten dio ETAk duela urtebete iragarritako su-etenarekin dituen «asmoen» inguruan.

Areago, Fiskaltzaren 2010eko Memoriaren hitzaurrean, Conde-Pumpidok zehaztu du ez duela baztertzen ETA su-etena «berregituratu eta hornitzeko» baliatzen aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.