Jonathan Powell eta Martin McGuinness Euskal Herrian dira, eta ari dira hainbat alderdirekin bilerak egiten. Bake prozesua bultzatzea du helburu bisitak.
Sortuko Hasier Arraiz, Urko Aiartza eta Rufi Etxeberria bildu dira jada nazioarteko bitartekariekin. Alderdiak eskerrak eman dizkie egiten ari diren lanagatik, baita konponbidearen aldeko euren jarrera eta konpromiso "irmoagatik" ere. Jakinarazi dutenez, bileran gatazkaren inguruko egoera izan dute aztergai.
Sorturen arabera, "oztopo guztien gainetik" gatazkaren konponbide prozesua aurrera doa, bake eta normalizazio prozesuak aurrera jarraitzen du, eta hori batez ere gizarteak nahi duelako dela uste du. Horrekin batera, prest agertu da bake eta normalizazio prozesua "amaieraraino" eramateko. Nazioarteko eragileen lana beharrezkotzat jo du, eta, gainera, ezinbestekoa deritzo baldintzarik gabeko elkarrizketa prozesu bat irekitzeari.
Urkullu eta PP ez dira bileretan izango
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria ez da Powell eta McGuinessekin bilduko. Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramilearen arabera, ez du horretarako gonbidapenik jaso, eta, beraz, ez dute bilerarik egitea aurreikusten. "Ez da ezer garrantzitsurik gertatu Powellen azken bisitatik, eta ona litzateke, hori baieztatzeaz gain, zerbait gehiago balego". Jaurlaritzaren izenean, Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetzarako idazkaria bilduko da nazioarteko bi ordezkariekin.
PPko Nerea Llanosek jakinarazi du ez direla bilerara joango, gonbidapena egin dieten arren. "Gero eta garrantzi gutxiago duten mugimenduak dira", azaldu du, eta adierazi du oker zeudela nazioarteko eragileei "protagonismoa ematen saiatu zirenak". Llanosen hitzetan, "Euskadiri" dagokio "kapitulu hau kudeatzea". "ETAren historia gaitzetsiko duen euskal akordio politiko eta sozialaren alde lan egitea da gure gizartearen lehentasuna".
2011ko urriaren 17ko Aieteko Adierazpenaren izenpetzaileetakoa da Powell, eta Euskal Herrian, otsailean egon zen azkenekoz alderdi eta erakundeetako ordezkariekin batzartuta. Orduan, Urkullurekin, EAJrekin, PSE-EErekin eta Sorturekin bildu zen, Bilbon. Nazioarteko Egiaztatze Batzordeko kideak Espainiako Auzitegi Nazionalera deklaratzera joan eta egun gutxira etorri zen.