ABERRI EGUNA

Sortuk "anbizio osoz jokatzeko garaia" dela aldarrikatuko du Aberri Egunean

Independentistak sareak Iruñean antolatutako mobilizazioetara joateko deia egin du Pernando Barrena bozeramaileak.

Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, artxiboko irudian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Maialen Unanue
2016ko martxoaren 24a
10:48
Entzun

Euskal Herriak egindako bideari erreparatu dio Barrenak gaur eskaini duen prentsaurrekoaren hasieran. Adierazi du "izugarrizkoa" dela bide hori: "Atzera begiratuta ikusten duguna da frankismoaren urte beltzenei aurre egiteko gai izan zen herri bat eta urtez urte eta borrokaz borroka estrategia independentistari heldu dion herri bat daukagula".

Euskal estatu bat eratzeko masa kritikoa badagoela nabarmendu du Barrenak, Iparra Hegoa fundazioak berriki aurkeztu duen txostenari erreferentzia eginez. Hori horrela izanik, honako galdera hauxe: "Nola egin, beraz, independentziarako bidea?". Sorturen ustez, estrategia independentista berri bat behar da, eta, aipatu duenez, horixe azaleratu du ezker abertzalearen barruan egiten ari diren Abian eztabaida prozesuak.

Barrenak azaldu duenez, Sorturen ustez, "badira independentzia fasean sartzeko baldintza objektiboak". Gaineratu du Euskal Herria libre eta sozialki justua izango bada independentziaren bidez soilik izango dela. "Independentziak justizia soziala ekarriko digun ez da segurua, baina segurua da dependentziarekin ez dugula, herri gisa, aukera minimorik ere beste eredu ekonomiko eta sozial justuago baterantz joateko. Oso garbi daukagu hori".

Alde horretatik, Barrenak adierazi du erronka nagusia "independentista eta, are, abertzale ez direnak" erakartzeko moldeak asmatzea dela. Eta hori lortzeko, independentzia helburu gisa baino gehiago, bide gisa planteatu beharko litzateke, Barrenaren esanetan: "Herritarren arazoei irtenbideak emateko tresna efikaz gisa irudikatzean datza aurrez aurre daukagun erronka hori".

Igandean, Aberri Eguna euskal herritar guztien eguna dela aldarrikatuko dute, besteak beste: "Euskal Herria bizitzeko eta sentitzeko dauden forma guzti-guztien eguna da".

Igandean Iruñera joateko deia egiteaz gain, independentziaren aldeko mezu batekin amaitu du agerraldia Barrenak: "Independentziatik baino ezin da zerua asaldatu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.