Ezker abertzalea

Sortuk aurreratu egin du lehen kongresua

Maiatza eta ekaina bitartean egingo dute. Abian eztabaida prozesuak ezarritako oinarrien arabera, Sortuk "egokitzapen prozesu partikularra" egin beharko duela azaldu dute Amaia Izkok eta Pernando Barrenak.

Pernando Barrena eta Amaia Izko, Donostiako agerraldian. ANDONI CANELLADA
Hodei Iruretagoiena
2016ko otsailaren 12a
11:10
Entzun

2017an zen egitekoa Sorturen lehenengo kongresua —2013ko otsailean egin zuten eratze kongresua, Iruñean—, baina urtebetez aurreratu dute. Aurtengo maiatza eta ekaina bitartean egingo dutela jakinarazi dute Amaia Izko eta Pernando Barrena bozeramaileek. Azaldu dutenez, Abian prozesuak ezker abertzalearen "norabidetze estrategikoa" ezarriko du, eta horretara moldatu beharko dute horko antolakundeek —Sortu, LAB eta Ernai—. "Sortu da estrategia horren motorra, eta horrek eskatzen du Abian bukatu bezain laster motorra puntu-puntuan jartzea".

"Abian prozesuarekin, seigarren martxa sartu nahi diogu Zutik Euskal Herria-ri. Sortu da estrategia horren motorra, eta horrek eskatzen du Abian bukatu bezain laster motorra puntu-puntuan jartzea", esan du Barrenak. Abian prozesuaren emaitza aintzat hartuta, oinarri ideologikoei, lan ildoei eta antolakuntzari buruzko ponentzia propioak egingo dituzte horretarako. LABek eta Ernaik beren "egokitzapen prozesu partikularra" egin beharko dutela zehaztu dute.

"Birfundazio prozesua"

Abian txostenean aipatzen dira, besteak beste, antolakuntzari buruzko hainbat puntu. Ezker abertzalearen "birfundazio prozesuaz" mintzo dira hor, eta Sortuk estrategia berria "osatzeko beharrezkoak zaizkion markoak" martxan jarri beharko dituela diote.

2012ko ekainean legeztatu zuen Sortu Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta Sortzaile prozesuaren bidez eratu zuten alderdia. 2013ko otsaileko kongresutik "egoera aldakorrari" aurre egin behar izan diotela adierazi dute Barrenak eta Izkok: "espainolismoaren gainbehera", bake eta konponbiderako baldintzak aldatu izana eta erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrera "sendoa" aipatu dituzte.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.