"Lehengo eta oraingo" ezker abertzaleko kideak elkartu nahi ditu Sortuk maiatzaren 19an Bilboko Miribillan. Baietza sortzen izena jarri dioten ekitaldi politikoa egingo dute han, ETAk desegin dela jakinarazi ostean abiatutako "aro berriari bultzada emateko" asmoa dute.
Miren Zabaleta Sortuko kideak prentsaurrekoan esan duenez, "bake iraunkor, justu eta oso bat eskuratzeko aukerak" daudela uste dute, "demokratizazio prozesuan" aurrera egiteko baldintza hobeak. Horregaitik, ekitaldi jendetsua egin nahi dute. Gaur, harako deia egin dute Zabaletarekin batera, Lur Albizu Ernaiko kideak, Eneko Aldana Sortuko Kontseilu Nazionaleko kidea eta EHBaikoa, Jon Salaberria preso ohiak, Itziar Aizpurua ezker abertzaleko kide historikoak, Iñaki Olalde ezker abertzaleko kide historiokoak eta Ibon Arbulu ezker abertzaleko kideak. "Egindako lana gogoan, ezker abertzaleko gizon eta emakumeok etorkizun berri hori eraikitzeko gure konpromisoa berresten dugu", esan dute.
Izan ere, aurrera begirako ekitaldia izan nahi du Miribillan egingo dutenak. ETAren aroa maituta, "askapen nazional eta sozialean aurrera egiten jarraitu" nahi dutela diote, eta horretarako, ezker abertzaleko militante guztiak elkartu eta indar bilketa egingo dute, eta "konpromisoa berretsi".
Iragarri dutenez, ekitaldian izango dira Sinn Fein eta Corsica Libera alderdietako zuzendaritzetako kideak. Gainera, Ernai gazte erakundeak han izango dela jakinarazi du.
📣 #BaietzaSortzen, konpromiso eta ilusioak eraberritzen!
— Ernai (@ernaigazte) 2018(e)ko maiatzaren 9(a)
Ekitaldi Politikoa: maiatzak 19, larunbata 17:30ean, Bilboko Miribillan.
Gazteok bertan izango gara! pic.twitter.com/ZlMnuBiL1X