Aurreko asteetan oinarri ideologikoak eta ildo politikoa finkatu ondoren, hirugarren eta azken eztabaida egin du gaur Sortu ezker abertzaleko alderdi politikoak 240 herri eta hiri batzarretan. Antolaketa eta funtzionamendu berria izan du eztabaidagai. "Jende gehiago eta militante inplikatu gehiago nahi ditugu", esan du Maribi Ugarteburu Sortuko kideak Santurtziko batzarrean izan ostean. Lurralde antolaketan, eskualdeek "lehentasuna" izango dute.
Ugartebururen arabera, Sortuk, "borroka instituzionala eta ideologikoa" egiteaz gain, "kaleko lana eta masa borroka" indartu nahi ditu, "eta horrek isla izan behar du antolaketan". "Borroka politiko eta sozialetan" dabiltzan lagunek alderdian ordezkaritza eta ardurak izatea nahi du du. "Gure erronka antolaketa eredua eta funtzionamendua berritzea da, eraikuntza nazional eta eraldaketa sozialean aurrera egin ahal izateko. Ildo horretan, gure egiturak zabaltzearen aldeko apustu argia egin dugu, euskal gizartearen baitan dauden borroka sozio-politiko erreal nagusietan murgilduta dauden ezker abertzaleko militanteen presentzia zuzena bermatu nahi dugu".
Sortuk dioenez, lurralde antolaketan eskualdeek garrantzi handia izango dute. "Eskualdeei lehentasuna emango diegu, gure bizitza gero eta gehiago eskualde mailan egituratzen baita maila guztietan. Horretarako Kontseilu Nazionala eta Hego Euskal Herriko eskualde guztien arteko lotura zuzena bermatuko funtzionamenduan oinarrituko gara", esan du Ugarteburuk.
Horrez gain, alderdiaren Batzar Nazionalean herri-hiri eta eskualdeetako lagunek parte hartuko dute parte.
Halaber, militanteekin barne komunikazio sare bat edukiko du Kontseilu Nazionalak, ekarpenak, galderak edo dena delakoak egiteko.
Otsailaren 16an Sortun ardurak izango dituzten kideak hautatzeko barne hauteskundeak egingo dituzte. Kongresu eratzailea, berriz, otsailaren 23an izango da, Iruñean, Baluarte jauregian.
Sortuk dioenez, sei mila lagun ari dira eratze prozesuko batzarretan parte hartzen.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak 2012ko ekainaren 20an legezko jo zuen alderdia, Gorenaren debekua atzera botata.