Atzo ezker abertzalea bezala, argi mintzatu da gaur Sortu alderdi politikoa Frantzian asteburuan izandako tiroketari buruz. "Zalantzarik gabe gaitzesten dugu Frantzian gertatutako tiroketa", esan dute Sorturen sustatzaileek ia 13:30ak zirela hedabideetara bidalitako oharrean.
Sortuk aitortu du "Frantziako gertakariaren sekuentziaren gaineko bertsio fidagarri eta egiazkorik" ez duela, eta azaldu du horren berri izan beharko dela. "Edonola ere, ukaezinezko larritasuna duten gertakariak argitzea eskatzen dugu".
Ezker abertzaleko alderdiak bere estatutuek indarkeriaz diotena berretsi du. "Berriz ere, Sorturen sustatzaileok edozein biolentziaren aurrean errefusatze etiko eta ezbairik gabea adierazi nahi dugu, ETArena zein xede politikoz egindako beste edozein ere barne".
ETAri dei egin dio "beharrezko neurriak har ditzala, antzeko jazoerak eta indarkeriazko izaera duten beste edozein ere etorkizunean berriz gerta ez daitezen".
Bizitza eskubidea aldarrikatu du Sortuk, eta eskubide zibil eta politikoak ez zanpatzeko exijitu du. Espainiako Estatuari horren guztiaren aldeko "jarrera proaktiboa" hartzeko eskatu dio.
Atzo ezker abertzaleak zioen "ulertezina eta onartezina" izan dela tiroketa. "Orain arte dakigunagatik, oso larritzat jotzen dugu gertatutakoa. Izan ere, ETA erakundeak su-etenerako hartutako konpromisoak ez datoz bat tiroketarekin, eta ulertezin eta onartezina gertatzen da. Ezker abertzaleak errefusatu egiten du, bere larritasunagatik eta Euskal Herrian zabaldu den aro berria galgatzen duelako".
Polizia bat tiroz zaurituta, ustezko bi etakide atxilotuta
Polizia bat zauritu egin zen eta ustezko bi etakide atxilotuta daude —Itziar Moreno eta Oier Gomez dira, Polizia iturriek diotenez—. Igandean atxilotu zituen biok Frantziako Poliziak, larunbatean kontrol batetik ihes egin nahian jendarme bat zauritzea leporatuta. Harrezkero Limousingo polizia etxean dauzkate Moreno eta Gomez, eta atxiloaldia bihar arte luza daiteke. ETAko kide direlakoan Morenori 2008ko abenduaren 31n EITBren egoitzaren kontrako atentatuan parte hartzea leporatzen diote. Poliziaren arabera Gomez da Jone Lozano atxilotu zutean ihes egin zuen ETAko kidea.