Sortuk "gatazkaren konponbidean eragile aktibo" izateko deia egin die herritarrei

2013ko martxoaren 13a
12:49
Entzun

Pernando Barrena bozeramaileak bihar eta etzi Foro Sozialera biltzeko deia egin die herritarrei, eta "eskaini" ditzatela euren ideiak eta tresnak bake prozesua bultzatzeko. Sorturen ustetan, foroak "aukera paregabea" emango du "konponbidearen aldeko prozesuaren nondik norakoaz jabetu eta Euskal Herrirako irakaspenak ateratzeko". Konponbidea lortzea aukerak "zabalik" daudela nabarmendu du.

Barrenak Espainiako eta Frantziako gobernuen "arduragabetasuna" salatu du, eta uste du badaudela "baldintzak armagabetzea eta presoen eta erbesteratuen itzulera bideratzeko". Donostian gaur goizean egindako agerraldian azaldu duenez, bake prozesua ez dago "geldirik", ezta "blokeatuta" ere, "batzuei gustatuko balitzaie ere".

Horrekin batera, salatu du azken asteetan "etengabeak" izan direla konponbide prozesuaren egoeraren inguruko "filtrazio, intoxikazio eta ordezkari politiko ezberdinen erreakzio zein adierazpenak".

Haren arabera, Europako eta Europatik kanpoko hainbat herrialde prest agertu dira "gatazkari ordenatutako amaiera bat" ematen laguntzeko, baina Espainiak eta Frantziak ez dute "pauso bakar bat ere eman gatazkaren ondorioen agendan aurrera egiteko".

Herrira ere, foroan

Herrira mugimenduak bat egiten du Lokarrik bihar eta etzi Bilbon eta Iruñean antolatu duen foro sozialarekin. Ekimena "erabat txalogarria" dela iritzi diote, eta konponbidean eta bakean aurrera urratsak egiteko aukera eskaintzen duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.