Bideoa: Sorturen nazio batzarra (Argazki Press).
[youtube]https://youtu.be/YVO5mc3FfLo[/youtube]
Babes sendo batekin abiatu du Sortuk bere "birfundazioa", prozesuko proposamenak ia aho batez onartu baitituzte alderdiko kideek Gasteizko Europa jauregian eginiko nazio batzarrean. 793 baiezko boto, hiru ezezko eta hamabi zuri jaso ditu prozesua gidatzeko zuzendaritzak. Hau da, batzarkideen %98k babesa adierazi diote taldeari. 801 baiezko, ezezko bat eta hamar zuri lortu dituzte birfundazioko araudiak eta diseinuak; eta 804 baiezko, ezezko bat eta hamazazpi zuri berme batzordeak.
Batzarra amaituta, hitza hartu dute Arkaitz Rodriguezek eta Maite Sabalzak, behin-behineko zuzendaritzaren izenean. Ezker abertzaleak eta Sortuk egindako okerrak onartuta abiatu dute azalpena. "Ez dugu asmatu", laburbildu du Sabalzak. Besteak beste, krisiak euskal gizartean zituen ondorio larriak ikusi ez izana eta gatazkaren konponbideak zeukan blokeoa aitatu ditu. Aurrera begiratzea eskatu du Sabalzak, ordea. "Utzi haserre egoteari", eskatu die batzarrean bildutakoei, eta argudiatu du jauzi egin behar dela erresistentzia fase batetik eraikuntza fase batera.
Eskaintza independentista "indartsu eta bideragarria" lantzeko garaia dela adierazi du Rodriguezek. "Ilusioa, pasioa eta arima eskatzen ditu prozesu independentistak", azpimarratu du, eduki sozial "handia" izango duena. Herri moduan aurre egiteko bide "bakarra" dela frogatzeaz gainera, independentzia biderik "onena" ere badela agerian uzteko borondatea adierazi du. "Hemen ez du balio ez nazio foralik, ez hirugarren biderik", ohartarazi du.
BERRIAk aurreratu zuen bezala, Arnaldo Otegi, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Pello Otxandiano, Gorka Elejabarrieta, Maite Sabalza, Gotzon Elizburu, Enkarna Cordon, Jone Etxeberria, Unai Gonzalez, Oiakue Azpiri, Haimar Altuna, Kizkitza Gil de San Vicente eta Eneko Aldana dira zuzendaritzarako proposatu eta gaur aukeratutako izenak (soslaiak). Egungo Kontseilu Nazionalaren tokia hartu dute, eta abenduaren 17ko kongresura artean ariko dira, egiteko jakin batekin: Sorturen "birfundazio" prozesua gidatzea. Egunerokoaz ere arduratuko dira. Egungo zuzendaritzatik Otegi baino ez dago —dena dela, 2009ko urritik aurtengo martxora arte preso egon da hura, Bateragune auziaren ondorioz—.
Prozesua gidatuko duen berme batzordea ere aukeratu du gaur Sortuk. Arantxa Iturrate, Floren Aoiz, Nuria Alzugarai, Santos Indakoetxea eta Karmelo Landa egongo dira talde horretan.
Horrez gain, eta "barne demokrazia, parte hartzea eta gardentasuna" helburu, prozesurako neurri jakinak onartu ditu gaurko batzarrak: edonor kreditatu ahal izango da, ez sortukideak bakarrik; haietako edozeinek aurkeztu ahal izango ditu txostena eta zuzendaritza lantaldea; zerrenda irekiak egongo dira; txostenak ezagutzeko eta bozketak egiteko sistema telematikoa ere jarriko dute... "Ohiko forma eredua gaindituko dugu", dio Sortuk, eta kongresua "gertakari" bihurtzea dute helburu. Zabaletak eta Otxandianok eman dituzte azalpen horiek.
Arraizen agurra
Gaur hasi du, beraz, Sortuk bere "birfundazio" prozesua, Gasteizen nazio batzarra eginda, eta 800 lagun pasa bildu dira, hasieran aurreikusi baino gehiago. Alderdiak izango duen irudi berria aurkezteko ere baliatu dute ekitaldia. Ezker abertzaleko alderdiaren 2013ko eratze batzarretik izan den Kontseilu Nazionalak hiru urteotako kudeaketa txostena aurkeztu du, Hasier Arraiz presidentearen bidez. Orain arteko zuzendaritzak lortutakoa nabarmendu du –estrategia aldaketa sendotzea–, baina hutsegiteak ere izan dituztela esan du, eta "kultura politiko berria" aldarrikatu. Arraizek alderdiko lehendakari modura egindako agurra izan da.
Prozesuko diseinuaren eta araudiaren, zuzendaritza proposamenaren eta berme batzordearen inguruan bozkatu eta emaitzak jakinarazi ondoren, batzarkideei hitzaldia egin die Arnaldo Otegik, baina hori ez da agerraldi publikoa izan.
Abian barne eztabaidaren ondorioa izango da Sorturen "aldaketa sakon" hori. Maiatzaren 7an bukatu zuten Abian, eta erabaki zuten ezker abertzaleak eraberritu beharra duela "prozesu independentista eraldatzailea" garatzeko. Eta dena Sortutik hasita, hura jotzen baitute mugimenduko "bilgune erreferentziala".