«Txerto doako eta unibertsala. Patenterik ez. Txertoak herriarentzat» dioen pankarta bat jarri dute Sortuko kide batzuek arratsaldean, Granadako (Espainia) Laboratorios F. Rovi enpresaren egoitzan; Moderna txertoa ekoizten dute han. Izan ere, Sortuk txertoen liberalizazioa aldarrikatu du, eta patenteak kentzea exijitu. «Onartezina da pandemia betean farmazia enpresek negozioa egitea txertoen ekoizpenarekin eta banaketarekin, lehen mailako eta bigarren mailako herritarrak bereiziz, bakoitzaren ahalmen ekonomikoaren eta posta kodearen arabera», salatu dute.
Txertoak Herriarentzat. No Patents. Vacuna gratuita y universal.
— SORTU #LehenikHerria #PrimeroLaGente (@sortuEH) May 15, 2021
Moderna ekoizten duen Laboratorios F. Rovi (Granada) enpresara eraman dugu gure aldarria.#VaccineEquality#LehenikHerriapic.twitter.com/X35tRsLuX8
OME Osasunaren Mundu Erakundeak maiatzaren hasieran argitaratutako datuen arabera, herrialde garatuetan lau biztanletik batek hartu du dosi bat gutxienez —portzentajea are handiagoa da Israelen, AEB Ameriketako Estatu Batuetan eta Erresuma Batuan—. Afrikako, Latinoamerikako eta Asiako herrialde pobretuetan, aldiz, erritmoa askoz motelagoa da: 500etik bati jarri diote txertoa, batez beste. «Bi abiadura» dituen txertaketa kanpaina hori salatu du Sortuk, eta No profit on pandemic (etekinik ez pandemiaren bizkar) mundu mailako kanpainaren barnean kokatu du ekintza. Kanpaina horrekin bat egin dute mundu osoko hainbat alderdik, sindikatuk eta GKEk.
Hala, Sortuk Europako eta Euskal Herriko agintariei eskatu die txertoen patenteak liberalizatzeko. «Txertoen produkzioa nazionalizatu eta banaketa justu eta ekitatiboa eginez, milioika bizitza babestu ditzakegu», segurtatu dute.