Bi guardia zibilek Antiguako (Donostia) gazte bat gelditu zuten kalean joan den ostiralean, eta galderak egin zizkioten Fresnesko espetxean (Frantzia) gose greban ziren euskal preso politikoen alde maiatzean Antiguan egindako protestaren inguruan. Antiguako Sortuk salatu du guardia zibil gisa aurkeztutako bi gizonek mehatxatu egin zutela gaztea, eta presoen aldeko protestan parte hartu zutenen izen-abizenak eskatu zizkiotela. Identifikatzen ez bazituen ekimenaren ardura berari leporatuko ziotela mehatxu egin zioten. Protesta hartan, hainbat pertsonak autobus bat gelditu zuten Antiguan; leihoetan presoen aldeko mezuak margotu zituzten, eta autobus gora igota pankarta bat zabaldu zuten. "Fresnes SOS, isolamendurik ez", zioen.
Ostiral goiz osoan ustezko guardia zibilak zelatan izan zituen gazteak, Antiguako Sortuk gaur kaleratu duen oharrean jakinarazi duenez. Lanetik ateratzean, ordea, gazteak hainbat lagun izan zituen zain babesa emateko, eta guardia zibilak ez ziren gehiagorik hurbildu.