Sorturen arbuioa argia izan dela uste du Kalparsorok

Auzitegi Goreneko 61. salak Fiskaltzaren eskaera aztertzea onartu, eta alegazioak azaltzeko epea ireki du

Erredakzioa
2011ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Juan Kalparsoro EAEko fiskalburuak sinesgarritasuna aitortu dio Sorturen jarrerari. Kalparsororen ustez, Sortuk «argiro eta zalantzarik gabe» errefusatu du ETAren indarkeria. Juan Kalparsoro fiskala Eusko Legebiltzarrean izan zen atzo, EAEko Fiskaltzaren 2009ko memoria aurkezteko. Kalparsororen ustez, ETAren azken agiriak kontuan hartuta «ezin da ondorioztatu prest dagoenik atentatuen, hilketen eta mehatxuen politikari uko egiteko». ETAk su-eten iraunkorra, orokorra eta nazioarteko komunitateak egiaztatzeko modukoa aldarrikatu badu ere, Kalparsoro fiskalak nabarmendu du oraindik ez duela ezarri «behin betiko su-etena». Sorturen jarrerari dagokionez, berriz, ETAren indarkeria era argian errefusatu duela nabarmendu du, eta horrek «aldaketa garrantzitsua» dakarrela.

Auzitegi Goreneko 61. salak onartu egin du aztertzea Fiskaltzak herenegun Sorturen kontra aurkeztutako eskaera. Halaber, eskaeraren berri eman die Estatuaren abokatuari eta Batasunari, eta prozeduran parte hartzeko aukera eman dio Sorturi.

Aralarren kexa

Aralar alderdiak salatu du bere izena eta irudia desitxuratuta erabili direla Sorturen aurka Estatuaren abokatuak eta Fiskaltzak aurkeztutako eskaeretan.

Aralar alderdiari buruz egiten diren erreferentziak «modu partzialean egiten dira beti, eta ez da agerian uzten Aralarrek modu koherente eta jarraian defendatu izan duena Alderdien Legearen inguruan, beti ere giza eskubideetan oinarrituta, eta hortik eratorrita, eskubide zibil eta politikoetan», Aralarrek prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez. Aipamen horiek aldatzeko eskatu die Aralarrek Fiskaltzari eta Estatuaren abokatuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.