Estatuaren abokatuak Sorturen kontrako txostena aurkeztu du Auzitegi Gorenaren 61 salan, eta honek eskaera tramitatzea onartu du. Sortu alderdi gisa eratzeko eskaera ez onartzeko eskatu dio Estatuaren abokatuak Auzitegi Gorenari. Bi arrazoibide nagusi erabili ditu: batetik, Sorturi «ETAren estrategiaren menpe» egotea egozten dio eta, bestetik, Sortuk ETAren indarkeriari buruz adierazitako arbuioa «kosmetikoa, erretorikoa, instrumentala eta ez benetakoa» dela dio Estatuaren abokatuak. Hori da Estatuaren abokatuaren tesiaren muina, gehienbat uste eta interpretazio ideologiko-politikoetan oinarrituta.
Izan ere, ETAren indarkeriaren aurrean agertutako urruntzea aintzat ez hartzeko, Estatuaren Abokatuak ezker abertzalearen historian izandako zatiketei buruzko interpretazioetan oinarritzen da. Kasu honetan, zatiketarik egon ez denez, edota ETAk Sorturen agerpenari buruz ezer ez duenez esan eta kexarik agertu ez duenez, urruntze «taktikotzat» jo du Estatuaren Abokatuak.
1. Jarraipena
Estatuaren Abokatuak Sorturen inskripzioa ez onartzeko erabiltzen duen helduleku juridikoa Batasunaren jarraipentzat jotzea da. Hori frogatzeko, lehenik Sorturen estatutuak aipatzen ditu bertan jasotzen delako ezker abertzalearen barne eztabaida eta proiektu berria osatzeko konpromisoa. Sortu ezker abertzalearen proiektu politikoa dela agerikoa da, ezker abertzaleak horrela adierazi zuelako Iruñean azaroaren 27an egindako agerraldi jendetsuan, eta otsailaren 7ko agerraldian ere. Hala ere, Estatuaren Abokatuak Guardia Zibilaren eta Poliziaren txostenetara jotzen du esateko Sortu sustatzen duten pertsona ugarik Batasunarekin ageriko loturak dituztela.
Ezker abertzalearen proiektua izanda ere, legezko izateko aukera aitortzen dio, ETArekin loturarik ez duela erakutsiz gero. Baina kontrazantzu bezala Sorturen estatutuetako pasarte batzuk baino ez ditu kontuan hartzen Estatuaren Abokatuak, eta ez direla nahiko dio.
2. «ETA ez da desegin»
ETA ez desegin izana nahikoa da Estatuaren Abokatuarentzat Sortu ETArekin lotzeko. Su-etenaren agiritik honako ondorioa atera du: «ETAk konfrontazio armatuaren alde jarraitzen du, bakarrik behin betiko etengo dena behin betiko konponbide prozesua burutzen denean. ETAk dirau, ez da desegin eta ez dio uko egin indarkeriari». Jarraian honako jauzia egin du Estatuaren abokatuak Sortu ETArekin lotzeko: «Aurrekoarekin esan nahi da alderdi berriaren eratze saioa estrategia politiko sinkronizatu baten parte da, ETA duena motor eta eragile nagusi». Baieztapen hori argudiatzeko, soil-soilik hiru gertaeren jarraipen kronologikoa aipatu du: ETAren su-etena, Sorturen aurkezpena eta Nazioarteko Harreman Taldearen bilera. «Agerikoa da hori guztia estrategia baten parte dela, ETArentzat etekin politikoak lortzeko».
Estatuaren Abokatuaren ustez, «alderdi berriak nahi du, itxuraz, ETAren indarkeria desagertzen lagundu, baina behin ETAren helburuak lortuta. Bitartean, alderdi berriaren menpekotasuna ETAren estrategiarekiko, edo, kasurik hoberenean koordinazioa, nabarmena da». Esaldi hau hizki beltzez jarri du, baino zertan oinarritzen den azaldu gabe, balizko menpekotasun edo koordinazio horren frogarik aipatu gabe.
3. Arbuio kosmetikoa
Sorturen estatutuetan jasotzen den arbuioa, Estatuaren Abokatuaren ustez, «kosmetikoa, erretorikoa, instrumentala eta ez benetakoa da». Baieztapen horren oinarri nagusia ETAren barneko zatiketei buruzko digresio bat da. Estatuaren Abokatuaren esanetan, garai batean «buruan tiro emanda» erantzun zion ETAk disidenteei, «lehenik Eduardo Moreno Bergaretxe Perturri, gero Dolores Gonzalez Katarain Yoyesi». Biak zaku berean sartu ditu, nahiz eta jakina den Perturren desagerpenaren kasua oraindik argitu gabe dagoela.
Ondoren, Aralarren kasua ekarri du gogora Estatuaren Abokatuak, batez ere, zatiketa horrek «irainak, porrustadak, anatemak eta gaitzespenak» jasan behar izan zituela nabarmentzeko. Txema Montero eta Christianne Fando abokatuen kasuak ere aipatu ditu.
Sorturen kasuan, aurreko garaietan disidenteekin izandakopareko jarrerarik ez dela agertzen argudiatu du Estatuaren Abokatuak. «ETAren aldetik erantzukirik ez, gaur indarkeria guztiak, eta bereziki ETArena, errefusatzen dituela dioen alderdiarentzat. Ezta aipamenik ez, ez kritikarik. Ezta ohar bat ere, ez erantzukirik, ez kexarik».
Indarkeriaren kontrako jarrera benetakoa ez dela argudiatzeko beste hari bati heldu dio Estatuaren Abokatuak. Ezker abertzaleak indarkeria eta terrorismoa gaitzesteko aukerak izan dituela eta ez duela egin. Lau kasu aipatu ditu: Jean Serge Nerin jendarmearen hilketa ETAko kide eta Frantziako Poliziaren arteko tiroketa batean (2010eko martxoaren 16an), Isaias Carrascoren hilketa (2008ko martxoaren 7an), Iruñeko Udalean aurkeztutako mozioa (2011ko otsailaren 18an) eta Eibarreko ezker abertzaleko kide bati Ser irratian egin zioten elkarrizketa (2011ko martxoaren 2an).
4. Bost «lotura zuzen»
Azkenik,Estatuaren Abokatuak «Sorturen lotura zuzenak ETArekin» izenburuko atal bat jaso du, txostenaren amaieran. Bost kasu aipatzen ditu.
Lehena da Jose Mari Compains Sorturen sustatzailetako bati bere seme Enekok espetxeko bisita batean ustez esandakoesaldi bat: «Nahi genuen tokian dauzkagu».
Estatuaren Abokatuak argudiatu duen bigarren lotura Guardia Zibilaren txostenean du heldulekua. Horren arabera, Sonia Respaldiza Sorturen beste sustatzaileetako baten izena Ibon Fernandez Iradiri atzemandako dokumentazioan agertu da. Komando bateko kide izan zitekeela dio Guardia Zibilaren txostenak. Sonia Respaldizak berak ohar bat kaleratu zuen atzo arratsaldean erabat gezurtatzeko Estatuaren Abokatuaren txostenean berari buruz esaten dena. ETArekin ez inongo elkarrizketarik, kontakturik edo harremanik ez duela izan dio Sonia Respaldizak. Halaber, Sorturen estatutuetako atarikoaren edukia berresten duela adierazi du.
Hirugarren «lotura» Euskaldunako ekitaldian Arantza Zulueta abokatua egon izana da.
Laugarrena Xabier Artola Sorturen sustatzaileetako batek 18/98 auziko presoen senideei diru-laguntzak ematean parte hartzea da. Eta bosgarrena, Madrilera egindako bidaiako autoak Batasunarekin lotutako bi pertsonak alokatu izana.
Lekuko-peritu frogagisa polizia txostenen egileek auzi-saioan deklaratzeaeskatu du.
Sorturen legeztatzea
Sorturen arbuioari «taktizismoa» egotzi dio Estatuaren abokatuak
Sorturen estatutuei buruz ETAk ez duela kexarik agertu argudiatu du Estatuaren abokatuak esateko «kosmetikoak» direlaSortu ETAren estrategiaren menpe dagoela dio, baina froga zehatzik aipatu gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu