POLITIKA

Sorturen babes helegitea berriro Konstituzionalean

Duela bi aste hasi ziren gaia aztertzen. El País-en arabera, "Sortu berriz ere plenora doa, eta oraingoan serio doa". 

2012ko ekainaren 19a
12:52
Entzun

Aurreko bi lan saioetan bezala, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak aste honetako agendan edukiko du Sortu alderdiak aurkeztutako babes helegitea. Gaurtik osteguna bitartean du lan saioa Konstituzionalak, baina gaia agendan edukitzeak ez du esan nahi epaia emango dutela, ezta aztertzen hasiko direla ere.

Iazko martxoaren 23an Gorenak Sortu ez erregistratzea erabaki zuen, eta alderdiaren abokatuek horren kontrako helegitea sartu zuten Konstituzionalean maiatzaren 18an, legez kanporatzea "badaezpadakoa" izan zelakoan.

El País egunkariaren arabera, "Sortu berriz ere plenora doa, eta oraingoan serio doa". Elisa Perez Vera epaileak egin du ponentzia, eta txostena irekia dela dio El País-ek, hasiera batean Sorturen legeztatzearen aldekoa. Hala ere, magistratuek zenbait gai zehaztu nahi dituztela ere badio, horien artean Alderdien Legearekin bateragarritasuna eta "terrorismoaren" aurkako borrokaren egoera.

Sortu, dena den, ez da ezker abertzalearekin lotuta Konstituzionalean aste honetan izango den berri bakarra. Izan ere, ostiralean amaituko da Bateragune auziaren epaiarengatik babes helegitea Konstituzionalean aurkezteko epea, eta defentsek iragarri zuten babes helegitea aurkeztuko zutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.