Gehiengoa gatazka gainditzeko prest egon arren, "Madrilen agindupean normalizazio politiko eta demokratikoan edozein urrats oztopatu nahi duen gutxiengo bat" badagoela gogorarazi dute Sortuko kideek, gaur Donostian egindako agerraldian. Hala ere, Barrenak eta Izkok esan dute "estatuaren blokeo estrategia" ez dela ari bere helburuak lortzen.
Gatazkaren konponbide osorako elkarrizketa prozesu bat gauzatu ahal izateko baldintzen artean aipatu dituzte Aieteko Adierazpenak zehazturiko bide orria, Europa eta Europatik kanpoko hainbat herrialdek Euskal Herriak duen gatazkari amaiera "modu ordenatu batean emateko laguntza" eta ETAk adierazitako "borondate irmoa". Alderdiak, gainera, "bere prestutasun eta borondate osoa" agertu du konponbidearen aldeko ekimen guztietan ekarpenak egiteko.
Sorturen arabera, gizarteak "espazio barneratzaileak" nahi ditu, indar politiko guztien arteko oinarrizko adostasunak lortzeko eta bake eta demokrazia marko bat egonkortzeko. Horregatik, konponbide prozesuan "protagonista nagusia" gizarteak izan behar duela berretsi du Sortuk, "gatazkaren esparru geografiko eta sozial osoan". Azkenik, ezinbestekotzat jo dute eragile guztiek "gatazkan izandako ardura" onartzea, "inposizioa eta eskubide urraketa" gainditzea eta elkarrizketa politikoari ekitea.