Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatzen duen Nazioarteko Harreman Taldeak adierazi du Sorturen legeztatzeak "ekarpena" egingo liokeela normalizazio prozesuari.
Komunikabideei igorritako ohar labur batean jakinarazi dutenez, taldeko kideek hainbat gai izan dituzte mahai gainean. ETAren su-etena egiaztatzeko mekanismoak aztertu dituzte, Sorturen legeztatzea eta Bateragune auziko epaia, besteak beste. Bateraguneko epaiak "kezka eta etsipena" eragin diela adierazi dute.
Nazioarteko Harreman Taldea Euskal Herrian izan da aste honetan, eta hainbat eragilerekin bildu da. Herenegun, adibidez, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrerekin eta Ramon Labaien eta Xabier Albistur alkate ohiekin bildu ziren taldeko kideak. Bileran ez zuen parte hartu Odon Elorza alkate ohiak, gonbidatuta zegoen arren. Taldearen helburua normalizazio politikoa "bultzatu, erraztu eta sustatzea" dela berretsi du Nazioarteko Harreman Taldeak.