Pernando Barrena Sortuko ordezkariak esan duenez, operazioa gauzatuko balitz, "ondorio larriak izango lituzkeen operazioa" izango litzateke, "presoekiko elkartasuna zigortzea" bilatuko lukeelako.
"Elkartasun hori ematen da bereziki senitartekoek pairatzen dituztelako presoen sakabanaketaren ondorioak". Presoak sakabanatuta egoteak gainkostu ekonomikoak dakartzala gogorarazi du. "Presoek daukaten sufrimendua, bereziki senideek pairatzen dutena, areagotzeko operazioa izango litzateke".
Barrenaren ustetan, "inoiz baino beharrezkoagoa da" elkartasuna, bai arlo ekonomikoan, politikoan eta baita giza-arloan ere. "Alderdi popularra modu desesperatuan" ari dela iritzi dio, eta uste du "mendeku neurri" horiek zerikusi zuzena dutela alderdi popularraren gainbeherarekin.
Filtrazioaren edukia "kezkagarria" dela esan du, eta gizarteari deia egin dio presoekiko elkartasunari eusteko, "beharrezkoa izango den arte".
Gara egunkariak argitaratu duenez, abokatu ugari atxilotzeko asmoa azaldu die Espainiako Gobernuak hainbat kazetariri. Euskal presoei diruz laguntzearen kontra joko luke Poliziak, abokatuei delitu ekonomiko eta fiskalak egotzita. Gutxienez lau abokatu atxilotzeko asmoa izan lezake Poliziak, kazetak argitaratutako informazioaren arabera.