Espainiako Auzitegi Goreneko 61. salak Sortu legezko alderdi gisa onartzen badu, maiatzeko foru eta udal hauteskundeetan parte hartu ahal izango du, atzo Auzitegi Goreneko lehendakari Carlos Divar epaileak esan zuenez.
Divar, izan ere, «konbentzituta» dago Sorturi buruz sala berezi horrek ebatzi beharrekoa bozen aurretik erabakiko duela. «Konbentzituta nago erabakia, zeinari buruz ez baitakit aldekoa edo kontrakoa izango den, hauteskundeak egin aurretik hartu beharko dela. Erabakia garaiz hartzen ahaleginduko gara, legezkoa dela ebatziz gero hauteskundeetan parte hartu ahal izan dezan. Nolanahi ere, aldeko nahiz kontrako erabakia legalitate guztietan, helegite guztietan eta espainiar legediak nahi izan dituen eskubide guztietan oinarrituta egongo da», azaldu zuen epaileak.
Divar, Auzitegi Goreneko lehendakariizateaz gain Botere Judizialeko Kontseilu Orokorreko lehendakari ere badena eta baita 61. salako lehendakari ere.
Sortu legeztatu beharraz
Sortu legezko alderdia izango dela batere zalantzarik ez duenetakoa da Carlos Garaikoetxea. Horrela mintzatu zen, atzo, Radio Euskadin egin zioten elkarrizketan. Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohi eta Eusko Alkartasuneko lehendakari ohiak ez du beste aukerarik ikusten, hauteskunde hauetarako, behar bada, garaiz iritsiko ez den erabakia izan baliteke ere.Sortu publikoki aurkeztu eta gero, «intentzioen prozesua» zabaldu dela dio Garaikoetxeak, baina azpimarratu du epaileek ezin dutela «intentzioen edo sinesgarritasunaren prozesurik» zabaldu: «Sortuk esan duenera mugatu behar dute epaileek, eta Sortuk esan du indarkeria, eta bereziki ETAren indarkeria, errefusatzen duela».
Sortu ez legeztatzea ezinezko aukeratzat duen arren, hala gertatuko balitz, eta batez ere hauteskundeetarako legeztatu gabe badirau, EAn hautagai independente gisa ezker abertzaleko kide batzuk sartzea litekeena dela iradoki du Garaikoetxeak, «EAn beti joan baitira hautagai independenteak». Egungo egoeraren garrantziaz ohartarazi du Garaikoetxeak: «Gure bizitzek eta gure herriaren egoerak aldaketa nabarmena eman behar dute, eta ondorioak handiak eta onuragarriak izango dira».
Espainiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi ohi Santiago Carrillok ere Sortu legeztatu beharra dagoela esan zuen atzo. «Alderdi horretan Batasuneko edo ETAko kideak badaude», esan zuen Carrillok, «are eta arrazoi gehiago dago hura legeztatzeko».
Ez dira iritzi horretakoak AVT eta beste biktima elkarte batzuk, manifestaziora deitu baitute «ETA erakundeetara itzul ez dadin». Apirilaren 9an egingo dute, Madrilen.
Sorturi buruz bozen aurretik ebatziko dutela esan du Divarrek
Ezker abertzaleko kideak independente gisa EAko zerrendetan joateko aukera iradoki du Garaikoetxeak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu