Sorturi buruzko txostenak fiskalari igorri dizkio Barne Ministerioak

Alderdi berriaren estatutuak eta poliziek egindako txostenak helarazi dizkio, legezko den edo ez auzitegiek erabaki dezatenETAk indarrean duen su-etena «behin betikoa» den ustea plazaratu du Rubalcabak

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioak Estatuko Fiskaltza Nagusira eta Estatuko Abokatuarengana igorri du Sortuk alderdi politikoen erregistroan legeztatzeko aurkeztu zuen eskaera. Barne Ministerioak jakinarazi duenez, ezker abertzalearen alderdi berriaren estatutuak eta sortze aktak bidali zituen atzo, horretarako zuen epea bukatu aurretik, beste hainbat txostenekin batera. Zehazki, «estatuko segurtasun indarrek Sorturi, bere sorrerari eta Batasunarekin izan ditzakeen loturari buruz» egindako txostenak dira Barne Ministerioak Fiskaltzaren eta Estatuaren abokatuaren esku utzi dituenak.

Servimedia berri agentziak zabaldu duenez, txostenetako bat Guardia Zibilak egina da, eta Sortu «Batasunak sortutako tresna» dela eta ETAren estrategiaren zerbitzura dagoela ondorioztatzen du. Ustez Ekinekoak diren pertsona batzuei «erreferente politiko berria sortu» eta hauteskundeetan egoteko beharra jasotzen duten txostenak atzeman dizkiela dio ondorioa ateratzeko.

Sorturen aurkezpenean «militantzia esanguratsua» duten pertsonak egon zirela gaineratu du Guardia Zibilak Batasunarekiko lotura badela esateko, eta, Sortuk hautagaitzak aurkeztu aurretik, lekuan lekuko herri programak lantzen ari direla. Guardia Zibila eta Espainiako Polizia, Sortu publikoki aurkeztu aurretik hasi ziren horri buruzko ikerketak egin eta txostenak lantzen.

Atzoko tramitea eginda, hogei laneguneko epea du orain Fiskaltzak auzia ikertu eta Sortu alderdien erregistroan onartu edo ez erabakitzeko. Ez badu onartzen erregistroan sartu eta legezko egitea, Espainiako Auzitegi Gorenaren esku utziko du auzia; legez kanpo dagoen Batasunaren segida dela argudiatuta, alderdi berria debekatzeko eskatuko lioke.

Eta oso litekeena da bide hori hartzea. Izan ere, Sortuk ETAren indarkeria errefusatu behar lukeela esateaz gain —estatutuetan jasotzen du errefusatze hori—, ETAren «iraganeko eta etorkizuneko indarkeria» ere gaitzetsi beharko lukeela esan du Fiskaltzak, nahiz eta legeak horri buruzko ezer ez duen jasotzen.

Auzitegi Gorenak ez balu Sortu legeztatzea onartuko, Auzitegi Konstituzionalak izango luke auziari buruzko azken hitza.

PPk uste du Sortu ez dutela legeztatuko. Javier Andres Arabako PPren idazkari nagusiak, «hori hala izan dadin bere lana ondo egiteko» eskatu dio Barne Ministerioari, «frogak lortzeko» eskatuz.

Andresek ez du sinesten «bat-batean ezker abertzalean denak aldatu direnik». Hori ez dela egia frogatu behar duela esan dio Barne Ministerioari, eta, horrela, Sortu legez kanporatu behar duela.

Patxi Lopez lehendakariari ere mintzatu zaio PPkoa. Bakegintzaren inguruan «nahasita» ikusi du, eta«argitzeko» eskatu dio. Horretarako, PPrekin sinatu zuen akordioa berriz irakurtzeko.

Alfredo Perez Rubalcaba, baikor mintzatu zen atzo, beste argudio bati eutsita. ETAren su-etena behin betikoa izango den esperantza azaldu zuen Espainiako Kongresuan, gobernuaren kontrolerako saioan. «Haren ekinbide kriminal luzean ETAk bi su-eten luze egin ditu. Orain hirugarren bat dago. Ea behin betikoa den; hori uste dut nik».

«Irabazten» ari direla esanaz erantzun dio PPren galderari: «Asko atxilotu dugu, eta horregatik ari gara irabazten, 2006ko bigarren su-etenean ez geniolako ETAri sinetsi eta 98an bezala berrosatzea saihestu genuelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.