Gizartea

SOS Arrazakeriak salaketa jarri du De Andresen aurka, "irain eta kalumniengatik"

Javier de Andresi 79.000 euroko kalte-ordaina eskatu dio plataformak.

Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak "iruzur egitea" egotzi zion SOS Arrazakeriari. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
2014ko irailaren 25a
12:12
Entzun

Duela aste batzuk Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiak leporatu zion SOS Arrazakeria plataformari 1.252 etorkini "gezurrezko erroldatze agiriak" ematea. De Andresen esanetan, erroldatze horiek 13 milioi euroko kostua izan dute instituzioentzat.

SOS Arrazakeriak gogor gaitzetsi ditu adierazpenok, eta ahaldun nagusiaren aurkako salaketa jarri du gaur bertan Gasteizko auzitegian, "irain eta kalumniengatik", eta 79.296 euroko kalte-ordaina eskatu dio De Andresi; hau da, Javier Maroto Gasteizko alkatearen urtebeteko soldata. "Epaitegiek arrazoia ematen badigute, diru hori sentiberatze kanpainetarako erabiliko dugu. Pertsona hauek egindako kaltea konpondu behar baita. Ez da bidezkoa kalte egitea, eta beste alde batera begiratzea", adierazi du Fede Garcia SOS Arrazakeriako eledunak, goizean Gasteizen egindako prentsaurrekoan.

Garciak esana zuen salaketa jartzeko asmoa zutela, ahaldun nagusiak esandakoa gezurtatu ezean, eta halaxe egin dute: "Esandakoak zuzendu beharrean, berretsi egin ditu. Horregatik, guk gure hitza bete dugu". SOS Arrazakeriako eledunak iragarri du kontziliazio salaketak aurrera egiten ez badu, kereila kriminala jarriko dutela. Bide batez, Europako Batzordeko Giza Eskubideen Kontseilura jotzeko asmoa dutela ere aurreratu du Garciak.

Bestalde, Rosabel Argote CEAR Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordeko kideak lasaitasunerako deia zabaldu du. "Gasteizko herritarrak ez dira arrazistak, baina badirudi zurrunbilo horretan sartu nahi gaituztela. Ez diegu utziko. Ezin da hirian gasolina bota, edozein txinpartak iritzi publikoa sutan jarri dezan".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.