SOS Haur Lapurtuak taldeak auzitan jarri du batzordea

Elkarteak esan du ezin dela irregulartasunik onartu; «nahasmena» sortzea leporatu die Etxeberria eta Gurreari

mikel p ansa
Donostia
2012ko maiatzaren 26a
00:00
Entzun
SOS Haur Lapurtuak elkarteak gogor kritikatu ditu Francisco Etxeberria auzitegi mediku eta Aranzadiko presidenteak eta Jose Gurrea medikuak haur lapurtuei buruz eginiko adierazpenak. Adopzio irregularrak bai, izan zirela, baina lapurretaz teknikoki ezin dela hitz egin adierazi zuen Etxeberriak duela bi aste, Eusko Legebiltzarrak auzia ikertzeko sortutako batzordean. Eztabaida handia eragin dute Etxeberriaren hitzek, eta SOS Haur Lapurtuak elkartea kezkaturik agertu da: «Batzordearen funtzionamendu normala horrelakoa izango bada, kalterako izango da, gure ustez, eta lortu nahi denaren aurkako ondorioa izango du. Herritarren artean nahasmen eta harridura handiagoa sortuko du».

«Benetan gertatu zena auskalo zergatik estali nahi duten pertsonei» biderik ez emateko eskatu diote Eusko Legebiltzarrari: «Gezurrak egiatzat hartzeko, irregulartasunak onargarri izateko eta hizlarien adierazpenetatik irtendako delituak txikiagotzeko gunea ere ezin dira izan batzordeak».

Jose Gurrea medikuak esandakoak ere gogorarazi dituzte: telebistan adierazi zuen andreek beren borondatez eman zituztela haurrak kasu gehienetan. Hitz horiekin minduta agertu ziren SOS Haur Lapurtuetako kideak atzo Donostian egin zuten agerraldian. Haurrak izateko asmoa eta ilusioa zutela eta «protokolo martzialekin» kendu zizkietela salatu dute. «Gezurra ahoan» ibiltzea aurpegiratu zieten bi medikuei, eta gizartean «nahasmendua» eragitea. Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiari eskaera egina diote elkarteko kideek, bi medikuen esanak iker ditzan. Eta adierazi dute halako beste adierazpenik izaten bada berriz publikoki salatuko dutela.

Irregulartasun handiak gertatu direla eta orain arte ez direla salatu eta behar bezala ikertu esan dute: dokumentu publikoak faltsutu zituztela, adopzio irregularrak gertatu zirela eta haurrak saltzen zituzela aitortu arren jarduera horiek ez salatzea «eskandalagarria» iruditzen zaie SOS Haur Lapurtuetako kideei. Galdera asko oraindik erantzun gabe daudela ohartarazi dute: «Nori eman zizkioten jaioberriak? Zeintzuek egin zituzten harremanak guraso adoptiboekin? Nola sinetsiko dugu hau guztia doakoa eta altruista izan zela?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.