Flor Diaz eta Miriam Zubia SOS Haur Lapurtuen Elkarteko arduradunek salatu dute elkarteko kideen herenek ezin dituztela lortu salaketak aurrera egiteko behar dituzten dokumentuak. 618 kide dira guztira, eta 200 kide inguruk oztopo handiak dituzte zenbait dokumentu eskuratzeko.
Gipuzkoan, 144 familia dabiltza dokumentuak lortu ezinean; Bizkaian, 75 familia. Araban oraingoz ez dute arazorik izan. Arduradunek azaldu dute arazo nagusia itxita dauden klinika pribatuetako agiriak aurkitzea dela. 80-90 hamarkadan ospitaleek ez zuten zertan historia klinikoa gorde, baina elkarteko kideek adierazi dutekasu ia gehienetan historia horiek gordetzen zirela, behartuta egon ez arren.
Horregatik, agiri horiek non dauden jakin nahi dute; behintzat, azalpen bat ematea eskatzen dute. "Agiriak bota edo erre bazituzten esan dezatela; guk zer gertatu zen jakin gabe ezin dugu ikerketan aurrera egin", adierazi dute arduradunek. Gainera, esan dute batzuetan dokumentuak lortzen dituztela, baina ez daudela osorik. Historia kliniko batzuk laburtuta daudela salatu dute, eta zatiak falta direla. "Eta ahozko salaketa ez dira nahikoa: dokumenturik ezean, kasu asko artxibatu egiten dituzte".
Oztopoen gainetik, ordea, SOS Haur Lapurtuen Elkarteak ez duela etsiko nabarmendu dute. Eta erakundeei kontuak eskatu dizkiete. Izan ere, itxitako klinika pribatuetako agiriak Osakidetzaren esku gelditu ziren berez, baina inon ez dituzte aurkitzen. Hala erakundeei emandako hitza betetzeko eskatu diete: "Ez dugu argazki gehiagorik nahi".