Arnaud Montebourgek (Clamecy, 1962) ez du lekurik izango Manuel Vallsen bigarren gobernuan. Berez, hori baino harrigarriagoa da orain arte lekua eduki izana, alderdi berdinekoak izan arren, sakoneko desadostasunak baitituzte biek. PSren eskuinean dago Valls, eta ‘sozialismo’ hitza bera arbuiatzen du, «zaharkitua» dagoelakoan. Montebourg, berriz, sozialista klasikoagoa da, Estatuaren eskuhartzearen babesle sutsua, eta mesfidatia globalizazioarekin.
2011ko udazkenean PSren lehen idazkari izateko hauteskunde primarioetan hirugarren geratu zen Montebourg (%17,2), eta Hollanderen alde lerratu zen bigarren itzulian. Hilabete gutxi geroago Hollande Eliseora iritsi zenean, PSren barneko orekak zaintzen saiatu zen, eta Ekoizpena Suspertzeko Ministerioarekin saritu zuen Montebourg. Sari pozoitsua, erronka handia baitzen Frantzia berriro industrializatzea, azken urteotan industriak eta esportazioek galdu duten distira itzularaztea.
Montebourgen jarduna ez da oharkabean igaro; bandera urdin-zuri-gorrian bilduta edo aldizkari batean marinelez jantzita, Fabrique en France leloa bere mingain zorrotzarekin defendatzen aritu da. Polemikaz-polemika ibili da atzerriko enpresekin. Sonatuena Arcelor Mittalekin izandakoa, hark Florangeko altzairutegia itxi behar zuela iragarri zuenean. Lantegi horren sinbolikotasuna ikusita (Lorrenako azken labe garaiak ziren), «Mittal ez da ongietorria Frantzian» esan eta nazionalizazioarekin mehatxu egin zion munduko altzairugile handienari. Jean Marc Ayrault orduko lehen ministroak, ordea, beste agenda bat zuen: labeak itxita daude orain, langileen aldeko konpromiso batzuren truke.
Montebourgek piztutako beste sute bat Alstomen ingurukoa izan zen, General Electricen erosteko eskaintza «Estatuarentzat onartezina» dela esan zuenean. Kasu honetan erdizkako garaipena aldarrikatu dezake Montebourgek: GEk bere eskaintza hobetu zuen, Estatua sartu zen operazioan eta aurrerantzean sektore estrategiko batzuetan atzerriko inbertsioak kontrolatzeko dekretua onartu zuen gobernuak (Alstom dekretua).
«Euroa ez da Alemaniarena» lelotzat hartuta, Montebourg ministro deserosoa izan da Berlinentzat, behin eta berriro salatu baitu austeritatea sustatzeagatik. Azken hilabeteotan EBZra ere gidatu du bere eztena, esportazioak kaltetzen dituen euro indartsua ahultzeko ezer egin ez duelakoan.