Sostengua, besterik ez. «Komentarioek ez daukate lekurik. Aski indartsua da horrela. Gure presentziak ordezkatzen ditu hitzak», Marie Raou odol bilketako zentroko langileak adierazi iritzia senti zitekeen Baionako erietxera hurbildu ziren gehienen artean. Orotara, 300 bat bildu ziren, tokiko mediku, erizain, edo kanpoko, baita herritar anonimoak ere. Adieraziak izan ziren hitz zenbait, halere, guztien izenean agiri labur bat irakurri zuen Xabi Hernandorena medikuak: «Sostengua nahi diogu berretsi Nicolas Bonnemaison medikuari eta haren familiari». Elkartasuna, eguneroko lanean «preziatzen» duten gizonari eta medikuari. «Haren kalitate moral, profesional eta humanoaren» aldeko lekukotasuna berresteko prest. Hori izan zen ere lekuan berean izenpetu zitekeen testuaren edukia. Eutanasiaren eztabaidaz, fitsik ez. «Frantzian badira 60 milioi biztanle eta beste hainbeste iritzi eutanasiaz. Herritar eta mediku bakoitzak badauka iritzi bat ukaiteko eskubidea, baina praktika eta legea beste kontu bat dira, eta ez gara horretan sartzen gaur», zehaztu zuen Michel Claracq medikuak. Mementoko, Justiziaren esku da kontua. «Injekzio bidez pertsona oso ahulak pozoitzea» leporatzen diote, hain justu, Bonnemaison medikuari, eta baldintzapean aske dago. Eztabaida ez elikatzea izan zen guztien artean hedatu adostasuna: «Pentsatzen duzu Baionari dagokiola horrelako eztabaidaren eramatea? Baionako mediku soilak baino aditu egokiagoak badira horretarako», François Bannier Baionako erietxeko anestesistak dioenez.
Baziren batzuk ausartu zirenak, halere, eztabaida eramatera, baina horiek ez dira Baionako erietxeko langile zuzen. Francine Paemelaere kardiologoa, adibidez: «Eskandalagarria iruditzen zait mediku gisa egunero egiten dugunagatik batzuk Justiziaren aurrera eramatea. Ez dugu gehiago gezurka aritu behar. Lege egokiak adostu ditzagun behingoz, horrelako egoerak saihesteko».
300 pertsona eta 300 arrazoi. Horin artean, herritar anonimoak, argiki eutanasia sostengatzera. Rose Marie eta Marie Claire Daudignon ahizpa baionesak, adibidez, 70 eta 75 urtekoak: «Duinki hil nahi dugu. Ezin duzularik gehiago ezer egin, zer gelditzen zaizu? Hobe iltzea. Edozein gisaz, noizbait hilen gara».
«Sostengua nahi diogu berretsi Nicolas Bonnemaison medikuari»
Mediku, erizain eta beste, Baionako erietxean 300 lagun bildu dira, eriak pozoitzea egotzitako medikuaren sostenguzTokiko langileek ez diote eutanasiaren eztabaidari iharduki nahi izan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu