Atxiloketak

Soto del Realen espetxeratu dituzte Zenigaonaindia eta Legarra, inkomunikatuta

Joan den ostegunean Ermuan (Bizkaia) atxilotutako bi gazte bizkaitarrak Soto del Realgo (Madril) kartzelan espetxeratzeko agindu du Espainiako Auzitegi Nazionalak, inkomunikatuta. Hain zuzen ere, konfiantzazko abokatuaren laguntzarik gabe deklaratu dute epailearen aurrean. Askatasuna bi gazteekin kezkatuta agertu da, bost egunez Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ondoren, oraindik egoera berean jarraitzen dutelako.

2005eko martxoaren 28a
18:11
Entzun
Zenigaonaindia (Aulestikoa) eta Legarra (Gizaburuagakoa) ostegunean A-8 autopistan atxilotu zituen Guardia Zibilak, kontrol batean, eta harrezkero inkomunikatuta daude.

Askatasunak erakundeak gogor salatu du bi gazte horiekin gertatzen ari dena; halaber, bi gazteen egoerarekin oso kezkatuta dagoela agertu du, bost egunez Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon ondoren, oraindik ez dutelako konfiantzazko abokatuarekin egoterik izan.

Ildo horretatik, Askatasunak oroitarazi du iaz atxilotutako euskal herritarretatik 138 inkomunikatuta egon zirela, eta haietatik 57k torturak salatu zituztela; era berean, torturaren aurkako nazioarteko erakundeek egindako salaketa ekarri dute gogora: inkomunikazioa dela tortura ahalbidetzen duen tresna nagusia.

Ostiralean, berriz, Iker Olabarrieta, Igor Gonzalez eta Karmelo Lauzirika atxilotu zituzten Donostian. Haiek ere inkomunikatuta jarraitzen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.